Euskadiko txapela irabazita, txapelketak jokatzeari utziko dio Idoia Etxeberria harri-jasotzaileak

Karkara 2018ko uzt. 2a, 14:56
Idoia Etxeberria harria jasotzen.

Atzo 2018ko Emakumezkoen Euskadiko Harri-jasotze Txapelketa irabazi zuen oriotarrak, eta txapelketak uztea erabaki duela jakinarazi du.

Hamabi urtez harri-jasotzen aritu ondoren, txapelketak uztea erabaki du Idoia Etxeberria harri-jasotzaileak. Atzo irabazi zuen azken txapela Usurbilen, Euskadiko Emakumezkoen Harri-Jasotze Txapelketa hain zuzen ere. Garaipena lortu ondoren atzokoa azken txapelketa izango zuela jakinarazi zuen Etxeberriak. "Erakustaldiak ematen jarraituko du irailera arte, hainbat saio aspalditik hitzartuta baititut".

Hamalau urte bete gabe zituela eman zuen lehen erakustaldia Idoia Etxeberriak, eta "nekatu egin" dela aitortu du oriotarrak. "Nik beti pentsatu izan dut kirola disfrutatzeko egin behar dela, eta azkenaldian ilusioa galdu dut. Horrez gain, lesioekin ere gora-beherak izan ditut, eta hiru hilabetez geldirik egon behar izan dut. Azkenean, asko pentsatu eta gero, uzteko garaia dela erabaki dut", azaldu du Idoia Etxeberriak. 

Harri-jasotzea atsegin duten zaletu askori ezustean harrapatu die harri-jasotzaile oriotarraren erabakiak. "Hunkituta etorri zitzaizkidan lagun asko harri-jasotzea utzi behar nuela jakin zutenean. Dena dela, denek errespetatu dute nire erabakia, eta babestuta sentitu naiz, beste behin".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!