Larunbat arratsaldean iritsiko da Marea Urdina Orioko hondartzara

Karkara 2018ko uzt. 6a, 10:46
Marea urdina. (Baleike.eus)

Itsas zeharkaldiaren lehen etapa Orioko hondartzan bukatuko da larunbatean. Aurreikusita dago igerilariak 15:45ean iritsiko direla Oriora eta, hori dela-eta, Udalak eta Berdin-Berdinak kirol inklusiboko elkarteak ongietorria antolatu diete.

Asteburu honetan egingo da Marea Urdina itsas zeharkaldia. Autismoa duten pertsonen alde antolatu du itsas zeharkaldi hau Azkoiti aldeko igerilari talde batek Gautenaren eta beste erakunde batzuen laguntzaz.

Uztailaren 7an eta 8an Saturrarango hondartzatik Hondarribira arteko bidea egingo dute igerian helburu honekin: gizartea sensibilizatzea autismoa duten pertsonen gaiarekin. Guztira 34 itsas miliatako ibilbidea (63 kilometro) egingo dute igerian, bi etapatan.

Larunbateko 15:45ean iritsiko da Oriora

Itsas zeharkaldiaren lehen etapa Orioko hondartzan bukatuko da larunbatean. Aurreikusita dago igerilariak 15:45ean iritsiko direla Oriora eta, hori dela-eta, Udalak eta Berdin-Berdinak kirol inklusiboko elkarteak ongietorria antolatu diete. Berdin-Berdinak elkarteko igerilari batzuek Marea Urdinekoekin batera egingo dituzte hondartzara iritsi bitarteko azken metroak eta, ondoren, bi karpa jarriko dituzte hondartzako belardian, igerilariei eta lagunei mokadutxo bat eskaintzeko. Orioko Surf taldekoek ere laguntza eskaini diote ekimenari eta berek ere parte hartuko dute larunbateko zeharkaldiaren azken metroetan. Horrez gain, igerilarien esku utzi dituzte surf taldearen instalazioak, dutxa beroa hartu eta aldatzeko.

Udalak eta Berdin-Berdinak elkarteak dei egiten diete herritarrei, bertara azaltzeko eta beren laguntza eta animoak emateko.

Sentsibilizazioa helburu

Egitasmoaren helburua gizartea sentsibilizatzea da eta ez du dirua biltzeko inolako asmorik. Jasotzen diren laguntza guztiak proiektuaren gastuak ordaintzeko erabiliko dira eta, bukaeran dirurik geratuko balitz, gaiarekin lotutako elkarte edo erakunderen bati emango zaio.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!