Koro Arratibel: "Killing teknikaren bidez, paper-zerrendak oinarri hartuta objektu desberdinak egiten ditugu"

Karkara 2018ko uzt. 10a, 12:28
Koro Arratibel azalpenak ematen.

Koro Arratibelek Killing teknika lantzeko tailerra emango du datorren ikasturtean ere. Astearte arratsaldetan biltzen dira, 17:30etik 19:30era, Ostargi elkarteak Orioko Kultur Etxean duen egoitzan.

KORO ARRATIBEL

Azken ikasturtean paperezko objetuak egiten erakusten jardun zara. Zein metodo erabiltzen duzue?

Killing teknika lantzen dugu, eta paper-zerrendak oinarri hartuta objektu desberdinak egin ditzakegu. Lehenik eta behin paperezko tirekin oinarrizko figurak egiten ditugu; oinarrizkoena borobila da, eta estu-estu lotuta egon ohi da. Borobila askatzen bada ireki egiten da, eta forma desberdinak emateko aukera eskaintzen du; horrela, oinarrizko beste figura batzuk sortzen dira. Oinarrizko figura horiek batzuk besteekin itsatsita objektu desberdinak egin daitezke: belarritakoak, lepokoentzat zintzilikarioak, etxerako apaingarriak, koadroak...

Papera da beraz esku-lanaren oinarria?
Bai. Zabalera desberdineko paperezko zerrendak erabiltzen ditugu lanak egiteko. Berez killing-a lantzeko paper berezia badago, baina kanpotik ekarri behar izaten da materiala, inguru honetan oraindik ezezaguna delako teknika hau. Garesti ateratzen da,eta guk kartulina erabiltzen dugu paper bereziaren ordez. Paper-dendan guk nahi dugun zabalerako paper-zerrendak egiten dizkigute, eta horrela moldatzen gara. Dena dela, paper birrintzaile bat erosi nahi dugu, tamaina zehatzeko paper-zerrendak guk geu egin ahal izateko.

Aipatu duzu Killing teknika ezezaguna dela inguruan. Nola izan zenuen horren berri?
Nik internet bidez ezagutu nuen, eta pixkanaka nire kabuz ikasten hasi nintzen. Praktikatuz nahiko ondo menderatu dut teknika, eta hainbat trikimailu ere ikasi ditut. Espainia mailan ezezaguna da, baina Ameriketan eta Errusia aldean jende askok lantzen du, eta badago artista ezagun bat Killing-a oinarri hartuta pertsonen aurpegiak irudikatuz eskulturak egiten dituena.

Zer moduz moldatu dira ikasleak esku-lan teknika horretara?
Oso ondo, asko hobetu dute. Inportanteena praktikatzea eta oinarrizko figurak egiten ikastea da. Hori jakindakoan gauza mordoa egin daitezke. Ni oinarrizko ezagutza azaltzen saiatzen naiz; irudia proposatzen diet eta irudi hori irakurtzen erakusten diet, objektu horretan aurkitzen diren oinarrizko formak identifikatzen, alegia. Modu horretan, teknika menderatzen dutenean ikasleek beren irudimena landuz nahi dituzten objektuak egin ahal izango dituzte. Dagoeneko zenbait ikaslek oso lan konplexuak eta politak egiten dituzte, denbora dutenez etxean praktikatzen jarduten baitira.

Ikasturte bat daramazue Ostargi elkartean Killing-a lantzen, ezta?
Bai, oso gustura gaude sortu dugun taldearekin. Nik boluntario lana egiten dut, eta ikasleek ez dute ordaindu behar ikastaroan parte hartzeagatik. Dena dela, ikasturte hasieran materiala erosteko 20 euro jartzen ditugu bakoitzak, eta horrekin ikasturte osorako materiala erosten dugu.
Datorren ikasturtean ere jarraituko dugu Killing-a lantzen. Asteartetan biltzen gara, 17:30etik 19:30era, kultur etxean, eta esku-lanak egitea atsegin zaien herritarrak tailerrean parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!