Orioko traineruek bi bigarren postu lortu dituzte Gipuzkoako txapelketan

Karkara 2018ko uzt. 11a, 21:17

Emakumezkoen estropadan San Juan ozta-ozta gailendu zaio Oriori, eta gizonezkoetan, Hondarribia erraz nagusitu da.

Gaur arratsaldean Gipuzkoako traineru txapelketa jokatu da Mutrikun. Arratsaldeko seietan hasi dira estropadak, beteranoen txandarekin. Zarauzko txaluparentzat izan da garaipena 11:21 denborarekin, Fortuna izan da bigarren eta Zumaia hirugarren.

Emakumezkoetan, ikuskizun ederra eskaini dute Oriok eta San Juanek. Ziaboga bi segunduko aldearekin eman dute pasaitarrek, baina bigarren luzean, oriotarrek eutsi egin diete. Bideoan ikus daitekeen bezala, azken txanpa ederra jo dute bi txalupek, eta San Juan helmugaratu da lehen postuan, oriotarrekiko 1,6 segundoko aldearekin. 11:10 izan da garaileen denbora. Donostiarra sailkatu da hirugarren 33 segundora, eta Hondarribia laugarren 41 segundora.

Gizonezkoetan, Hondarribiak nagusitasunez irabazi du estropada. Hasieratik aurrean jarri da txalupa berdea, eta lehen ziabogarako, 7 segunduko aldea zuen Oriorekiko. Estropadan zehar, hiru aurkariekiko aldea handitzen jarraitu dute helmugaratu bitartean, eta helmugan, 20:12 denborarekin gailendu dira. Orio bigarren izan da 22 segundora, Donostiarra hirugarren 29ra eta San Pedro laugarren 38ra.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!