"Zergatik ez?" taldeko arraunlariek lan erdiak egin dituzte, Portugaletera iritsita

Karkara 2018ko uzt. 13a, 16:58
Argazkia: Santos Carretero

Itsas baldintza gogorrek atzoko etapa zaildu ostean, gaurkoan lagun izan dute eguraldia, eta hamabiak aldera iritsi dira Bilbora. Han ongietorria egin diete udal ordezkariek, eta jarraian, berriro errioan behera jaitsi dira Portugaleteraino, gaurko zeharkaldiari amaiera ematera.

Luzea egin zitzaien atzoko eguna Zergatik ez? taldeko arraunlariei. Goizeko lehen ordutik, ipar mendebaldeko haize indartsua izan zuten aurka, eta itsaso oso nahasia topatu zuten. Olatuen kolpeen eta euriteen ondorioz ur asko sartu zitzaien txalupan, eta zailtasun handiak izan zituzten zeharkaldiko lehen bi orduetan.

Goizeko bederatziak aldera, Getarian gelditu behar izan zuten trainerutik ura ateratzera. Han dezente luzatu zuten geldialdia, itsas baldintzak hobetu zain. Bermeora iristea aurreikusten zuten eguerdirako, baina ordu horretan, Getarian ziren oraindik. Bazkalostean, hirurak aldera, haizea baretu zela ikusita, Bizkaia aldera abiatu ziren, eta iluntzeko bederatzi t´erdietan iritsi ziren Bermeora. Eguna dezente aldrebestu arren, lehen etapako helburua betetzea lortu zuten.

Gaur, giro ona izan dute itsasoan lehen ordutik, eta aurreikusitako orduetan egin dute etapa. Goizeko zazpietan atera dira Bermeotik, eta hamabiak aldera Portugaleteko zubi esekiaren azpitik pasa dira. Jarraian Bilbo erdiguneraino segi dute arraunean, eta han ongietorria egin diete Udal ordezkariek. Tostartera itzulita, berriz errioan behera abiatu dira Portugaleteraino, etapa han bukatzera. Hiru t´erdiak aldera amaitu dituzte gaurko lanak.

Aipatu dutenez, gaur beroarekin sufritu dute gehien, Nerbioi ibaian arraunean egin duten bitartean. Bete betean jo die eguzkiak, eta haizerik ez zenez, gogorra egin zaie etapako azken tartea.

Bihar hasiko dute itzulerako bidaia. 6:30ean abiatuko dira Portugaletetik, eta 13:30ean Ondarroan lehorreratzea aurreikusten dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!