Aiako Elkano auzoan jaiotako emakumeen bazkaria, hemeretzigarrenez

Karkara 2018ko uzt. 15a, 10:48

Atzo eguerdian, larunbatarekin, Aiako Elkano auzoan jaiotako 26 emakume bazkaltzeko juntatu ziren. Aspalditik dute urtean behin batzeko ohitura; hain zuzen ere, atzokoarekin, bazkaritarako elkartu diren hemeretzigarren urtea izan da.

Orion bizi den Rosi Lazkano bertsolaria ere bazkaritan izan zen, eta honako bertsoak kantatu zituen:

Mahaiaren inguruan
Juntatu geranez
Bapo jarriak gaude
Jan eta edanez
Bazkal-ondoak ere
Mamia daukanez
Kantatu dezakegu
Gaur geure omenez
 
Neska-festan kontua
Aspalditik dator
Ze zerrenda luzea
Zenbat andre jator
Joandakoeri  igual
Zerbait diegu zor
San Pedro jaian bueltan
Hau mantentzea hor
 
Bazkariarena da
Bigarren aroa
Hemeretzigarrena 
Degu aurtengoa
Neskatik andrera eta
Amontzera doa
Hala ere ederra
Zortzen dan giroa
 
Hogei emakumetik
Gora gehienetan
Juntatzeko gogoa
Degunak benetan
Nahiz odol desberdina
Eraman zainetan
Haize bera arnastu
Genuen umetan
 
Andrazkoak bakarrik
Juntatze gera ¡ hai ¡
Honetarako ere
Elkanotarrak gai
Auzotar izatea
Ez degu galdu nahi
Gustatze zaigunari
Esan diogu bai
 
Umore onekoak
Ixildu ezinak
Lotsaz gorritzearen
Joak aldeginak
Batzuen nahiak eta
Bestenak berdinak
Honela harremanak
Dira atseginak
 
Karrera ere degu
Denok berdintsua
Eginaz ikasi dun
Jende jakintsua
Familian, etxean
Jartzea zentzua
Aipatzen ez den arren
Ze garrantzitsua
 
Bertsoak idaztea
Da nere papela
Egia kontatzea
Ohi bezela
Baina jakin eredu
Zuek zeratela
Eskerrik asko eta
Bejondeizuela

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!