`Zergatik ez?´ taldeko arraunlariek itsas zeharkaldia osatzea lortu dute

Karkara 2018ko uzt. 15a, 17:09

Arraunlariek herritarren ongietorri beroa jaso dute moilan, eguerdiko ordubatak aldera. Jende asko bildu da errio bazterrean, eta emozio uneak bizi izan dira.

Lau eguneko bidaiaren ostean, gaur eguerdian iritsi dira Oriora Zergatik ez? taldeko arraunlariak. Azken etapan itsas baldintza onak izan dituzte, eta aurreikusitako denbora tartean osatu dute Ondarroa eta Orio arteko ibilbidea.

Zeharkaldia traineru bakarrean egin dute taldekideek, tripulazioak txandakatu eta deskantsatzeko tartea izan zezaten. Gaurkoan, ordea, azken kilometroak bi txalupetan egin dituzte, eta taldeko 30 kidetik 26 arraunean ailegatu dira moilaraino; kanpoan geratu diren laurak, berriz, zeharkaldian lagun izan duten Apikale ontzian egin dute sarrera.

Arraunlariak lehorreratu direnean, txalo eta oihu artean hartu dituzte han ziren herritarrek, eta emozio une handiak bizi izan dira. Ikaragarria izan da harrera, azaldu du ikusle batek. Moilako ongietorria bukatutakoan, tostartera itzuli eta Arraunetxeraino segi dute arraunean, txalupak han jasotzera. Baldintza oso gogorrekin hasi zuten erronka eguraldi eta gozo zapore ederrarekin bukatzea lortu dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!