Andoni Campos: "Mailaz igotzeko aukeran pentsatu aurretik, banderaren bat irabaztea gustatuko litzaiguke"

Karkara 2018ko uzt. 16a, 15:43
Andoni Campos arraunean Getariako 'Esperantza' ontzian. (Argazkilaria: IƱaki Suarez)

Andoni Campos arraunlariak lau urte daramatza Getariako Esperantza ontzian arraunean, Gorka Etxeberria oriotarraren gidaritzapean. KAE 1 Ligan bigarren postuan sailkatuta dago getariarren txalupa, eta traineruaren martxaren balorazioa egin du oriotarrak

ANDONI CAMPOS

Larunbatean Pedreñan izan zenuten estropada eta bigarren postuan sailkatu zineten. Zer moduzko sentipenak izan zenituzten uretan?
Arraunean gustura egin genuen, eta talde sendoa bezala lehiatu genuen. Astillero hasieratik jarri zen estropadaren buruan, eta lehenengo ziabogarako bost segundoko aldea atera zigunez, gure borroka Deusturekin eta Lekittarrarekin izan zen. Gure helburua estropadetan ahal den gutxien huts egitea da, eta azken unera arte, bigarren postuarengatik borrokan aritu ginen. Azken luzean Deustu gure kalera sartu zen eta arraunekin elkar jo genuen. Hala ere, bigarrenak iritsi ginen helmugara. Bizkaitarrak atzetik geratu ziren, baina ez epaileak ezarri zien hiru segundoko zigorragatik, irabazi egin genielako baizik.

Iaz taldean belaunaldi aldaketa izan zenuten, eta azken urtetako maila zertxobait jaitsi zen. Aurten beste urtetako maila berreskuratzen ari al zarete?
Talde gaztea genuen iaz, denok urtebete gutxiago genuen, eta esperientzia antzeman egiten da uretan. Belaunaldi aldaketa bat izan genuen taldean, eta arraun maila zertxobait jaitsi zen. Hala ere, oro har lehen hiru estropadak kenduta, nahiko denboraldi txukuna egin genuela uste dut. Arraunean zoragarri egiten genuen, eta horrek fruituak eman ditu. Aurten, aurretik gurekin aritutako hiru arraunlari gehitu zaizkigu txalupara. Horietatik bi TKEn esperientzia duten arraunlariak dira, eta taldea indartu egin dela uste dut. Aurreko urteetako arraun maila berreskuratzen ari gara.

Denboraldi hasieran markatu zenituzten helburuak betetzen ari al zarete?
Helburu zehatzik ez genuen markatu, agian entrenatzaileak zehaztuko zituen, baina guri behintzat ez zizkigun aipatu. Etxeberriak beti esan digu sailkapenean aurrean ibiltzeko gai garela, baina horretarako lana, lana eta lana egin behar dugula, eta horretan ari gara.

Sailkapenean bigarren postuan egonda, TKE Ligara igotzeko aukerak badituzuela pentsatzen al duzue?
Jakin badakigu sailkapenaren aurreko aldean kokatzeak, mailaz igotzeko aukera ematen duela. Kirolari guztien ametsa izaten da bere kirolean ahal den mailarik gorenera iristea, baina ez dugu burua galtzen horrekin. Gainera, mailaz igotzeko aukeran pentsatu aurretik, banderaren bat irabaztea gustatuko litzaiguke. Izan ere, banderaren bat irabazteak indarra eta konfiantza emango liguke talde moduan. Horrez gain, kasualitatez TKE Ligara igotzeko play off-erako sailkatuko bagina, KAE 1 Ligan banderak irabazi izanak sailkapen estropada jokatzeko bultzada berezia emango ligukeela uste dut.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!