Orio-Bujagali, elkartasun zubiak eraikiz

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2018ko uzt. 18a, 15:13
Mukwano Lagun elkarteak Ugandako Bujagali herrixkan duen eskolako ikasleak. (Mukwano Lagun elkartea)

Ane Garcia, Amagoia Iribar eta Joseba Orella Ugandan izango dira udan, Mukwano Lagun proiektuarekin elkarlanean. Elkarteak Ugandako Bujagali herrixkan duen eskolari laguntzeko ‘Elkartasun Iluntzea’ antolatu dute ostiralerako

Afrika bertatik bertara ezagutzeko ideia aspaldi zebilkiten buruan Amagoia Iribarrek, Ane Garciak eta Joseba Orellak. Dena dela, ez zuten kontinente beltza poltsikoa diruz beteta daraman turistaren betaurrekoekin ezagutu nahi, eta elkartasun egitasmoren batean parte hartzea interesgarria izan zitekeela pentsatu zuten. Mukwano Lagun proiektuaren berri izan zuten orduan, eta erakundearen filosofiak erakarrita, elkarteak Ugandan duen proiektuan parte hartzea erabaki dute udan. "Gobernuz kanpoko erakundeek egiten duten lanarekin kritikoak gara", baina Mukwano Lagun proiektua gainontzeko egitasmoekin alderatuta desberdina dela kontatu dute oriotarrek.

Ugandan jaiotzen da Nilo ibaia, eta uretako kirolak egiteko aproposak diren ur lasterrak daude bertan, beraz bisitari asko joan ohi da Ugandara oporraldia pasatzera. Modu horretan ezagutu zuen herrialdea Mukwano Lagun elkartearen sortzaile euskaldunak. "Bertako herritarrek zituzten beharrak identifikatu zituen, eta ahal den heinean horiei laguntzeko elkartea sortu zuen Bujagali herrixkan". Hasieran osasun arloa lantzen hasi zen, ahoko osasuna nagusiki. Ondoren, pixkanaka beste premiei irtenbidea emateko ekimenak martxan jarri zituen, eta egun 531 haurrei zerbitzu desberdinak eskaintzen dizkien hezkuntza zentroa du martxan elkarteak. Horretarako, Ugandako Nefaha elkartearekin elkarlanean dihardu du euskal erakundeak. Izan ere, Nefaha Ugandako emakume alargunen elkartea da, eta umezurtzei eta kalean dauden haurren beharra asetzea du helburu.

Lanerako prest
Oriotarrek argi dute erakustera baino gehiago, "ugandarrengandik ikastera eta bertako errealiatea ezagutzera" doazela Afrikako herrialdera. "Gobernuz kanpoko erakunde askotan kooperante bezala joaten direnek bertakoek egin ditzaketen lanak egiten dituzte. Mukwano Lagun elkartearen ustez hori jarrera okerra da, bertakoek guk adina gaitasun baitute ohiko gauzak egiteko, falta zaiena horretarako baliabideak dira". Horregatik, oriotar bakoitzak beren lanbidearekin zerikusia duen zeregina izango dute Bujagaliko eskolan. Joseba Orellak ikus-entzunezko dokumental txiki bat egin nahi du, bertako errealitatearen berri eman, eta emakume elkarteak egiten duen lana ezagutarazteko. Ane Garciak hezkuntza zentroan lagunduko du; eta Amagoia Iribar industria antolakuntzan ingeniaria denez, bertako langileen organigrama eta txostena egingo ditu, lanpostu bakoitzak egin beharreko lanak eta erantzukizunak zehaztuz.

Dena dela, behar denean laguntzeko prest daude hiru oriotarrak. "Hiru astez gure etxea izango da Bujagaliko ikastola; beraiek egiten duten bizimodu bera egitera goaz bertara, eta ahal dugun heinean laguntzera. Izan ere, han gauden bitartean gu izango gara elkartearen begiak, eta behar jakin batzuk identifikatzen baditugu, gure ardura izango da hiriburura joan eta behar dena erostea", azaldu dute.

Oriorekin harreman estua
Mukwano Lagun elkarteak, sortu zenetik, harreman estua du Oriorekin. Orioko Udalak eta Orio Arraunketa Elkarteak hasieratik lagundu dute elkartea, eta arraun elkarteko elastiko horiak esaterako, Ugandako ikastolako haurren eguneroko uniformea dira.

Herriko erakundeek hasieratik izan duten prestutasuna ikusita, herritarren eta proiektuaren arteko lotura indartu nahi dute hiru oriotar gazteek, eta ekimena herrian gizarteratzeko hitzaldia antolatu dute bihar iluntzerako. "Helburu bikoitza du ekimen solidarioak, alde batetik Mukwano Lagun proiektuari laguntzeko xoxak lortu nahi ditugu. Dena dela, garrantzitsuena, Bujagaliko ikastolaren eta oriotarren arteko harremana sendotzea da, aurrerantzean herriko gazteak proiektuan parte hartzera animatu daitezen".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!