Sara Iparragirre:“Europako txapelketan azken hilabeteetan egindako lanaren saria jaso dugu”

Karkara 2018ko uzt. 18a, 19:00

Sara Iparragirre Europako saskibaloi txapelduna da igandetik. Espainiako hogei urtez azpiko selekzioarekin lortu zuen urrea gazte oriotarrak, finalean Serbiari nagusitasunez gailendu ostean.

- Pozik garaipenarekin?

Bai, azken hilabeteetako lanaren saria jaso dugu Europako txapelketan. Ilusio ikaragarria egin dit nire lehen urrea lortzeak.

- Txapelketa hasi zenean, urrea lortzeko aukerekin ikusten al zineten?  

Jokatu nuen lehen urtean brontzea irabazi genuen, hurrengoan zilarra… Urrea falta zitzaigun! Hasieratik genekien aurkaririk gogorrena Frantzia izango zela, eta berei final laurdenetan gailendu ostean, Europako txapeldun izateko aukera asko genituela sinistu genuen.

- Finala nahikoa erraz irabazi zenuten, ezta?

Partida eroso hasi genuen, defentsa oso onarekin, eta horrek eman zigun garaipena lortzeko giltza. Atzean ondo funtzionatzeak eraso ona izatea errazten du.  

- Zein izan zen zure ekarpena finalean?

Hamar minutu baino gehixeago jokatu nituen, hiruko bat sartu nuen eta defentsan ondo aritu nintzen.

- Eta orokorrean, gustura al zaude txapelketa egin duzun lanarekin?

Bai. Defentsan eta kontraerasoan egin ditut ekarpenik nabarmenenak. Tiroan, adibidez, ez dut gehiegi asmatu. Gertatzen da… kar kar kar

- Zein asmo dituzu etorkizun hurbilerako?

IDK Gipuzkoa taldean beste urtebeteko kontratua daukat. Hazten segi nahi dut, etengabe ikastene, eta IDK Gipuzkoa talde aproposa da horretarako. 20 urte ere ez ditut oraindik, gaztea naiz, eta pixkanaka minutuak irabazten joatea da helburua.

- Inori eskaini nahi al diozu garaipena?

Orion hasi nintzen saskibaloian jokatzen, kuadrillako lagunekin. Eskerrak eman nahi dizkiet txikitatik nirekin jardun diren taldekideei eta izan ditudan entrenatzaile guztiei. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!