Traineru denboraldia 2018

Orioko XXVIII. estropadak jokatuko dira asteburuan, herriko itsasaldean

Karkara 2018ko uzt. 19a, 16:50

Larunbat goizean emakumezkoen ETE Ligako eta gizonezkoen KAE 2 Ligako estropadak izango dira; igandean, berriz, Eusko Label eta Eusko Tren ligetako jardunaldiak jokatuko dira. Asteburuan zehar bi aisialdi eremu ipiniko dira, bata plazan eta bestea morru aldean.

Gaur osteguna, uztailak 19, aurkeztu dute VI. Orio Kanpina Bandera. Herriko XXVIII. estropadak larunbatean eta igandean -uztailak 21 eta 22- jokatuko dira, eta festa giroa zein kirola uztartuko dira bertan.

Herriko kanpinean eguerdian egin den prentsaurrekoan Ibon Huegun Orioko Arraun Elkarteko presidenteak azpimarratu duenez, "aurtengo nobedade nabarmenena da larunbateko eta igandeko estropadak itsaso aldean jokatuko direla. "Azken urtetan errioan izan dira traineru estropadak, baina aurten, berriz ere itsasoko estropadak berreskuratuko ditugu".

Dena dela, Orioko itsasadarrean, aurten marraztu den eremuan, sekula ediziorik ez dela jokatu azaldu du Huegunek.  "Lehenengo aldiz, Oriotik Zarauzko Mollarri alderantz joko dute traineruek, olatuek bertan ondo puskatzen baitute; ikuskizun ederra emango da ziur".

Ordutegiak eta traineruak

Alde batetik, larunbat goizean, 11:00etatik aurrera, emakumezkoen ETE Ligako eta gizonezkoen KAE 2 Ligako estropadak izango dira. Bestetik, igandean 11:45ean hasita, Eusko Label eta Eusko Tren ligetako jardunaldiak jokatuko dira.

Kirol esparruari dagokionez, Huegunek Orioko emakumezkoen trainerua erakusten ari den maila bikaina goratu du. "San Juan indartsu dabil, baina hor daude gure neskak segundo gutxira gogor lehian". "Espero dugu bi banderak etxean geratzea, neskena zein gizonezkoena. Mutilen kasuan, egia da aurtengo ligan Urdaibai inoiz baino sendoago dabilela, eta puntu dezente ateratzen dizkigula jada, baina borrokan jardungo dugu, dugun guztia ematen, ahalik eta bandera gehien eskuratzeko", gehitu du OAE-ko presidenteak.

Bi aisialdi eremu eta aparkalekuak

Jose Angel Zaldua Orioko Alkateak bertakoak eta kanpokoak Oriora asteburu pasa etortzera gonbidatu ditu. "Aurreko asteburuan Bisiguaren Festa izan genuen, eta orain, estropadak. Herriko plazan zein estropadak egingo diren tokian, aisialdi zona bana ipiniko dugu. Orioko plazan, pantaila erraldoia, parrila eta babesleen postu edo stand ofizialak egongo dira ikusgai. Estropadak ikustera barrara gerturatzen direnek ere izango dute jana eta dana, lehiak irauten duen bitartean".

Kofradia berriko eremua autoei zabalduko zaiela esan du alkateak. "Estropadak ikustera ahalik eta jende gehien hurbiltzeko, kofradiako aparkalekua irekita egongo da larunbatean eta igandean". Azkenik, Zalduak eskerrak eman dizkio arraun elkarteari, urtean zehar antolatzen ari diren ekitaldi mordoxkengatik: "Oriako jaitsiera, Garagardo Azoka eta arrauna herrian pil-ilean mantentzeko egiten dituzten jarduerak, eta horiek antolatzeko egiten duten saiakera, txalotzekoak dira".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!