Zergatik ez? proiektuko kideen esanetan, guztien ekarpena "garrantzitsua izan da" helburua betetzeko

Karkara 2018ko uzt. 20a, 12:57
Zergatik ez? proiektuko taldea, zeharkaldia hasi baino lehen

Hasieran gogorrena ahalegin fisikoa izango zela pentsatzen zuten Zergatik ez? proiektuko parte hartzaileek, baina ohartu dira alderdi psikologikoak zeresan handia duela horrelako erronka batean.

Ikasturtean zehar buru-belarri prestatzen aritu ondoren, uztailaren 12an itsasora atera zen Orioko Zergatik ez? taldea eta zehaztutako erronka bete zuten lau egunetan. Parte-hatzaileek nabarmendu dute "uste zutena baino aberasgarriagoa" izan dela esperientzia, eta pozez gainezka daude helburua bete dutelako. "Hasieran gogorrena ahalegin fisikoa izango zela pentsatzen genuen, baina ohartu gara alderdi psikologikoak zeresan handia duela horrelako proiektu batean. Horregatik, oso gustura gaude erronka denok bukatu dugulako".

Proiektuarekin hasi zirenean emakume bakoitzak ekimenean parte hartzeko motibazio desberdina zuen, baina taldearen helburua nagusia berriz ere parte-harzaileek kirolarekin harremana izatea lortzea zen. "Lana eta familia uztartu behar direnean, zaila izaten da kirolari tartea egitea. Egun batean joan zaitezke, baina hurrengo egunetan kale egiten duzu, denborarik ez duzuelako". Horregatik, pentsatu zuten talde mailan bete beharreko erronka batek kirola egitera animatuko zituela. "Izan ere, taldearekin duzu konpromisoa, eta zailagoa izaten da kale egitea". 

Zeharkaldi gora-beheratsua
Ez da bide erraza izan, eta zeharkaldian zehar hainbat oztopo gainditu behar izan dituztela azaldu dute gainera. "Lehenengo etapa emozioz beterik abiatu genuen, goizeko 06:30ean irten ginen arraun elkartetik, baina itsasora atera ginenean ohartu ginen itsaso zakarra zegoela. Oso olatu handiak zeuden eta ura sartzen zen trainerura, beraz zeharkaldian zehar ontzitik ura ateratzen aritu behar zizan genuen itsasoan".

Azkenean, 08:00ak inguruan Getarian geldialdia egitea erabaki zuten entrenatzaileek, itsasoak arraunerako baldintzak eskaintzen ez zituelako. "Egoera arraroa zen, batzuk Getarian zeuden bitartean, besteok Ondarrun geunden erreleboa hartzeko zain. Egoerak ez zuen zentzurik eta Getariara bueltatzea erabaki genuen, denok elkarrekin egon ahal izateko". Lehenengo etapa horretan, 16:00ak inguruan atera ziren berriz ere itsasora Zergatik ez? taldeko kideak, eta Lekeitiora iristea helburu bazuten ere, iluntzeko 21:30ean Bermeora heldu ziren. "Plangintzaren arabera, lehenengo etaparako aurreikusitako ibilbidea bete genuen, baina gogorra izan zen, itsaso txarrarekin arraunean gorputzak asko sufritzen baitu".

Dena dela, zenbait momentutan sufritu badute ere, egitasmoko parte-hartzaileek uste dute "oso ondo prestatuta" iritsi direla zeharkaldira. "Entrenamenduetan distantzia luzeak arraunean egin genituen, fisikoki prestatu geunden, eta horregatik lortu dugu helburua betetzea. Izan ere, nekatuta gaude, baina ez dugu giharretako minik"

Elkarbizitza
30 neskek parte hartu dute zeharkaldian, eta nabarmendu dute helburua betetzeko denen parte-hartzea izan dela garrantzitsua, "denok lekua izan dugu traineruan, baina entrenatzaileek bakoitzaren gaitasunak kontutan hartu dituzte txandak zehazterakoan. Denok ez baitugu esperientzia eta arraunerako gaitasun bera". Hala ere, nahiz eta batzuk besteek baino arraun gutxiago egin, taldeko kide guztien ekarpena erronka betetzeko "ezinbestekoa" izan dela azaldu dute. "Denok garrantzitsuak sentitu gara, eta ohartu gara kideren bat falta izan balitz hutsune handia sentituko genukeela taldean".

Horrelako egitasmoetan, elkarbizitza ere erronka bihurtu ohi da askotan, kirol arloan sufritzea tokatzen denean batez ere, eta adierazi dute beren sentimenduak kudeatzeko behar barne ariketa egin behar izan dutela zeharkaldian zehar. "Egoera beraren aurrean pertsona bakoitzak desberdin erreakzionatzen du; gainera norberaren nahiak ere sartzen dira jokoan, eta inoiz ezin dira 30 lagun guztiz asebete eduki". Dena dela, ohartu dira parte hartzaileak "balio sendoak" dituzten pertsonak direla, "gizatasun handikoak". Izan ere, nabarmendu dute taldeko kideren batek beheraldia eta arazoren bat izan duenean, beti izan duela norbait ondoan laguntzeko, animatzeko eta aurrera egiten laguntzeko.

Ildo horretan, taldearen gora-beherak kudeatzerako garaian entrenatzaileen lana oso garrantzitsua izan dela uste dute Zergatik ez? taldeko kideek. "Ez da erraza 30 laguneko taldearen sentimenduak kudeatzea, eta psikologo lanak ere egin behar izan dituzte zenbaitetan". Horregatik, emakumezkoen erronka izan bada ere, ezeren truke taldeari laguntzeko ezkutuko lana egiten duten gizonezkoen ahalegina nabarmendu dute. Prestatzaile taldean parte hartu dute besteak beste, Imanol Arruti entrenatzaile fisikoak, Enrique Errastik, Juan Karlos Martinek, Martin Sagarnak eta anonimatuan mantendu nahi duten beste hainbat lagunek. "Benetan eskertzen diegu gure erronka betetzeko eskaini diguten denbora eta egin duten lan bikaina".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!