Iñigo Fernandez: "Europa mailan hemen baino zirku kultura handiagoa dute"

Karkara 2018ko uzt. 25a, 11:30
Iñigo Fernandez oriotarra Nikonok pailazoaren azalean

Iñigo Fernandez oriotarra zirkuaren munduan murgildu zen gaztetan, eta ordutik hainbat proiektu martxan jarri ditu arlo horretan. Besteak beste, zirku munduarekin zerikusia duen webgunea du, eta Nikonok pailazoaren azalean jarriz ikuskizunak eskaintzen ditu.

Nolatan duzu zirkuarekiko zaletasuna?
Gaztetatik gustatzen zaizkit zirkuak, eta zirkuren bat inguratzen zenean beti joaten nintzen ikustera. Urteak pasa ahala, ohartu nintzen nire adinekoei zirkuak aspertu egin ziela, baina niri ez zitzaidan sukar hori pasatzen. 2003an pailazo alemaniar bat ezagutu nuen, eta berarekin lan egiteko aukera suertatu zitzaidan. Danimarkan egin nituen hauta probak, eta nola lan egiten nuen gustatu zitzaionez, bere ikuskizunean parte hartzea proposatu zidan. Alemaniako zirku batekin denboraldi baterako kontratua firmatu zuen, eta ni ere berarekin joan nintzen. Hasieran, urte beterako joan nintzen, eta bi urte egin nituen azkenean.

Zirkuarekin zerikusia zuten ikasketak egin al zenituen?
Ez, pixkana ikasten joan nintzen. Askotan entseatu behar izaten dira ikuskizuna, grabatu, eta zein akats egiten diren ikusi, hobetzen joateko. Mimika asko landu behar da, ez baita gauza bere makillatuta edo makillajerik gabe barre egitea. Gu makillatuta, sudur gorria jantzita, eta zapata eta ileorde handiarekin ateratzen ginen eszenatokira.

Herritar askorentzat zirkuaren mundua ezezaguna eta misteriotsua da. Zerk eman zizun atentzioa?
Nik lan egin nuen zirkua familia girokoa zen, baina denboraldirako artista desberdinak kontratatzen zituzten, eta denok elkarrekin bidaiatzen genuen, karabanetan lo eginez. Kanpin handi bat zela iruditzen zitzaidan, denera 70 lagun inguruk lan egiten baikenuen zirkuan.

Zirkuan lan egiten zenueneko zer moduzko oroitzapenak dituzu?
Hasieran oso bakarrik sentitzen nintzen, hizkuntza ere ez bainuen ezagutzen; gogorra izan zen. Pixkanaka alemana ikasi nuen, jendea ezagutzen joan nintzen, eta buelta eman nion.

Herrialde bakoitzean zirkuko ikuskizunek berezitasun jakin batzuk al dituzte?
Espainia mailan familia zirkuak izaten dira, eta familiako kideek eskaintzen dituzte ikuskizunak. Frantzian eta Alemanian, berriz, kalitate handiagoa dute, eta artistak kontratatzen dituzte ikuskizunak erakargarriagoak egiteko.

Esan behar da Europa mailan hemen baino zirku kultura handiagoa dutela. Errusian esaterako zirku egonkor mordoa daude; erakinak dira, antzoki modukoak, eta estatuarenak dira. Hori dela-eta, artista oso onak dituzte Errusian, eta horietako askok taldeka Europako zirkuetan lan egiten dute, denboraldiko kontratuarekin.

Orain ez duzu zirkuan lan egiten, baina zirkuaren munduarekin erlazionatuta jarraitzen duzu, ezta?
Bai, 2004ko abenduan utzi nuen zirkua, eta 2007an sortu nuen bloga. Hasieran, ingurura etortzen ziren zirkuen erreportajeak egiten nituen, baina pixkanaka handitzen joan zen proiektua, eta egun Espainia mailan zirku munduan oso ezaguna den webgunea dut, Circo y Mas izenekoa. Erreportajeez gain, beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditut. Alde batetik, zirku "lokalizadore" bat dut; herritarrak atal horretan sartzen badira Espainiako maparen gainean zirku karpa txikiak aurkituko dituzte, eta horiek zirku bakoitza non dagoen adierazten dute. Horrez gain, zirku zaleei sarreren erosketa errazteko loturak ere eskaintzen ditut.
Bestalde, Zirkolika izeneko aldizkariarekin ere kolaboratzen dut. Pasa den abenduan Madrilen zeuden hainbat zirkuren erreportajeak egiteko eskatu zidaten; bi egunetan lau zirku bisitatu nituen, argazkiak atera eta erreportaje bana idatzi nuen. Orain berriz, Iker Galartzaren Gure Zirkua-ren inguruko erreportajea egiten ari naiz.
Horrez gain, Madrilgo zirku artisten eta lagunen elkarterako ere kolaborazioak egiten ditut. Zirkuaren munduarekin erlazioa duen hainbat liburu argitaratzen dituzte, eta nire emazte Sonia Albizurekin elkarlanean liburuetarako eta aldizkariren baterako azalak ere diseinatu izan ditugu.

Gure Zirkua aipatu duzu, Iker Galartzarena lehen zirku euskalduna al da?
Bai, zirku artista euskaldun ugari daude, eta Euskal Herriko hainbat familiek belaunaldiak daramatzate zirkuaren menduan lanean; oraindik ere, familia horietako bilobek atzerriko zirkuetan jarraitzen dute. Dena dela, iker Galartzarena da lehen zirku euskalduna. Aian ikuskizuna zuzenean ikusteko aukera izan nuen, eta oso polita iruditu zitzaidan. Oso gertukoa da, uneoro euskaraz hitz egiten dute, eta ikuslea etxean bezala sentitzen da. Gainera, Iker Galartza Poxpolo pailazoaren paperean sartzen da, eta komiko bikaina denez, segituan bereganatzen du publikoa. Horrez gain, zuzeneko musika ere eskaintzen dute, eta zirkuan parte hartzen duten artistek oso ikuskizun txukuna egiten dute. Niri asko gustatu zitzaidan. 

Zure denbora librean jarraitzen al duzu pailazo lanetan?
Bai, noizbehinka deitzen didate, eta gustura egiten ditut ikuskizunak. Nikonok pailazo sudur-gorriaren azalean jartzen naiz. Oso pertsonaia infantila da, umeek egiten dituzten txorakeriak egiten ditu, eta askotan hanka sartzen du. Gustura pasatzen dute haurrek eta gurasoek, eta kale antzerki moduko ikuskizuna egiten dudanez, publikoarekin elkar eragiten saiatzen naiz, ikusleek une atsegina igaro dezaten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!