Traineru denboraldia 2018

Orioko mutilak seigarren sailkatu dira Euskadiko Traineru Txapelketan

Karkara 2018ko uzt. 31a, 13:53
Orioko gizonezkoen trainerua Orion jokatutako estropadan, artxiboko argazkia (Iban Egiguren)

Lehen txandako baldintzekin alderatuz, haizeak gora egin du eta okertu egin da estropada eremuaren egoera ohorezko txandarako.

Gaur eguerdian Lekeition jokatu da Euskadiko Traineru Txapelketa. Lehenik eta behin emakumezkoen bi txandak jokatu dituzte, eta jarraian gizonezkoen lehia abiatu dute. Gaurkoa ere estropada gora-beheratsua izan da, lehen txandako baldintzekin alderatuz, haizeak gora egin eta okertu egin baita estropada eremuaren egoera ohorezko txandarako.

Lehen txandan Ondarroak, San Pedrok, Donostiarrak eta Isuntzak parte hartu dute, eta Ondarroa jarri da hasieratik estropadaren buruan, estropada irabaziz. Dena dela, maila ona erakutsi du Mikel Arostegi oriotarrak gidatzen duen San Pedrok ere; azken txanpan olatu ederra hartu dute pasaitarrek eta Ondarroarekin zuten tartean txikitzea lortu dute, bost segundora helmugaratu. Lehen txandan bigarren sailkatu da Mikel Arostegiren San Pedro, eta sailkapen orokorrean laugarrena izan da.

Ohorezko txandan arraunean egin du Oriok, Bermeo, Hondarribia eta Zierbenaren kontra. Lehen kaletik aritu da Bermeo, bigarrenetik Orio, hirugarren kalean jardun da Zierbena eta laugarren kaletik arraunean egin du Hondarribiak.

Epaileak ontziak lerrokatzeko aginduak eman ondoren, bandera gorria jaitsi du eta ziztu bizian atera dira lau ontziak irteera puntutik. Ligako estropadetan gertatu ohi den moduan, lehia estua jokatu dute lau traineruek hasieratik. Pare-parean iritsi dira lehen ziabogara, baina arazoak izan ditu Oriok ziabogan eta denbora galdu du. Bigarren luzean Mikel Orbañanos oriotarraren Hondarribia estropadaren buruan jarri da, eta Hondarribiak irabazi du Euskadiko Txapelketa. Bigarren izan da Bermeo, eta sailkapen nagusian hirugarren izan da lehen txandan arraunean egin duen Ondarroa. Zierbena Orioren aurretik helmugaratu da, eta bosgarren eta seigarren postuan sailkatu dira, hurrenez hurren.

Asteburuan Espainiako Txapelketa
Orio Arraunketa Elkarteko ordezkariek jakinarazi dute Orioko gizonezkoen traineruak asteburuan Espainiako Traineru Txapelketa jokatuko du Castron, baina emakumezkoen ontziak uko egin diola Espainia mailako lehia jokatzeari.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!