"`Los 40´ jaialdian 6.000 lagun espero genituen asko jota, eta 9.500 inguru juntatu ziren"

Karkara 2018ko abu. 14a, 16:56

Lourdes Salsamendi Orioko Udaleko Kultura eta Turismo batzordeburuaren iritziz, ez zuten espero Los 40 Summer Live jaialdiak herrira ekarritako jende uholdea, eta are gutxiago, ekimenak trafikoan eragindako nahasmena. Baliabide faltaren eta euri jasen ondorioz ekimena nahi bezala atera ez arren, herrian eragin positiboa izan duela iritzi dio. 

Norena izan zen Los 40 Summer Live jaialdia antolatzeko iniziatiba?

Jaialdiko arduradunak ekaina hasieran jarri ziren Orioko Udalarekin harremanetan; egia esan, ekimenak duen dimentsiorako, nahikoa berandu. Niri alkatetzatik pasa zidaten abisua, eta gaia Turismo, Kultura eta Festak batzordera eraman nuen.

Momentu horretan, jaialdia ez zen ekonomikoki bideragarria gure batzordearentzat; urte garai horretarako, urteko diru partida gehienak bideratuta izaten ditugu. Besteak beste, iaz bezala, Oriotarrock jaialdia antolatzeko iniziatiba genuen, baina deialdia egindakoan, herriko musikari bakarra azaldu zen bilerara.

Los 40 ekimenera itzuliz, batzordekide batek jaialdia Arkupe elkartearekin elkarlanean antolatzeko aukera proposatu zuen, turismoko aurrekontuaz gain ostalaritzara eta merkataritzara bideratzen denaren zati bat erabiliz. Arkupek baiezkoa eman zuen.

Alegia, Arkupek urtean diru kopuru bat jasotzen du, merkataritza eta ostalaritzako partidetatik (Udal Aurrekontuetatik datorren dirua), eta Los 40-rako kopuru horren zati bat erabiltzea erabaki zuten. Hori adostu aurretik, beste mota bateko jaialdiren bat egiteko aukera jarri nien mahai gainean, Euskal talde ezagunen bat ekarriz.

Zergatik ez zen aukera hori gauzatu?

Los 40 jaialdiaren kostua nahikoa baxua zelako, prezio horren barruan eskaintzen zuten guztirako: eszenatokiaren muntaia, musika ekipoa, teknikoak, artista ezagunak... Espainia mailan Oriok promozio eta oihartzun handia izan du jaialdiari esker; aurrerantzean, promozio mota hori nahi dugun edo ez erabaki beharko dugu.

Publizitateaz gain, jaialdiaren ostean antolakuntzaren aurkako iritzi ugari argitaratu ziren sare sozialetan, eta Noticias de Gipuzkoa-ko kazetari batek El desconcierto de Orio artikulu luzea argitaratu zuen. Hori kontuan hartuz, zein da zuen balantze orokorra?

Momentu honetan datuak biltzen ari gara, eta alderdikideok hurrengo astean egingo dugu balorazio orokorra; bestalde, iraila hasieran Kultura eta Turismo Batzordean ere aztertuko dugu gaia, Bilduko ordezkariak hala eskatuta.

Hasiberrien akatsak egin ditugu antolaketan, ez genuelako aurreikusi jaialdiak ekar zezakeen jende uholdea. Hala ere, euria izan zen, nire ustez, egoera gehien aldrebestu zuen faktorea. Euririk bota ez balu, errepidean izango ziren auto-ilarak, baina nahasmena ez zen hainbestekoa izango.

Herriko ostalariekin hitz egin ostean, balantzea oso ona da. Euria hasi aurretik hondartzan gustura egon ziren herritarrekin ere egon naiz, eta haien hitzetan, giro ona egon zen hondartzan. Bestalde, Orion sekula egon gabeko jende asko etorri zen herrira. Orioko hondartza musika jaialdiak antolatzeko leku egokia dela iritzi zuten askok.

Ondo identifikatu ditugu gure akatsak, eta aurrera begira, askoz hobeto antola dezakegu horrelako jaialdi bat; agian, egoerak boluntarioekin lan egitea eskatuko luke, eta Arkuperekin hausnarketa egin beharko dugu horri buruz. 

Jaialdiak ze kostu izan du Orioko Udalarentzat?

Guztira 9.680 euro bideratu dira jaialdira, BEZ-a barne. 6.453 euro ostalaritza eta merkataritza sailetatik (Arkuperi ematen zaion diruaren zati bat), eta turismo batzordetik 3.226 euro. Bestalde, 320 euro gastatu ziren komunak jartzen, eta 200 euro anbulantzia zerbitzuan.

Euriaren ondorioz, jaialdia bertan behera geratu zen artista ezagunenek abestu aurretik. Udalak jasoko al du bueltan ordaindutakoaren zati bat?

Kontratuaren hizki txikiek ez diote halakorik, baina orain ari gara gaia sakon aztertzen.

Jaialdia alderdi politiko guztien babesarekin antolatu al zen?

Bai, merkataritzako batzordean alderdi guztiek eman zioten aldeko botoa jaialdia antolatzeari, bakoitzak bere baldintzak jarri ostean.

Jaialdiaren festa eredua ezbaian jartzen zuten kartelak azaldu ziren herrian, besteak beste, artista horiek abesten dituzten letra sexistak salatuz.

Antolatzaileei jarri zitzaizkien baldintzen artean, bi ziren nagusiak: bat, euskarak presentzia minimo bat izatea. Bestea, kutsu sexista duten letrak ez kantatzea. Behin hori bermatuta, zaila da denekin asmatzea. Musika mota horrek jarraitzaile asko ditu, hori argi dago, tartean herritarrak ere bai.

Los40-koei beste eskaera bat ere egin nien: jaialdian herriko taldeei parte hartzeko aukera ematea. Giranice taldeari eta Ibai Marin musikariari pasa zitzaien gonbita, eta ondo hartu arren, ez zuten kontzertuetan parte hartu arrazoi ezberdinengatik.

Udalak Euskaraldiaren aldeko jarrera azaldu duen urte berean halako jaialdi bat bultzatzea ere salatzen zuten kartelek.

Kontua ez da bat edo bestea, zuria edo beltza. Biak uztartu daitezke, ez dira gauzak kontrajarri behar.

Zehazki, zenbat jende aurreikusten zenuten? Eta zenbat bildu zen?

Iaz Zarautzen 4.000 lagun inguru bildu zituen jaialdiak. Guk 5.000 edo gehienez 6.000 espero genituen, aurtengo artistak ezagunagoa zirelako eta fan fenomenoagatik. 9.500 juntatu ziren, espero baino askoz ere gehiago.

Gainezka eginda sentitu al zineten?

Errepideetako trafikoari dagokionean bai, nahasmena handia izan zen, eta ikasgai argia atera dugu hortik: halako beste zerbait antolatzen badugu, errioaren bestaldean aparkalekuak eta autobus lanzaderak jarriko ditugu.

Herrian inpaktu ekonomiko handia izan al du ekimenak?

Azken egunetan herriko ostalari batzuekin hitz egin dut, eta haiek baietz diote, egun horretan jende asko izan zutela tabernetan. Aurreikusten zutena baino askoz ere gehiago. Hondartzako tabernei dagokionean, are handiagoa izan zen mugimendua. 

Jaialdiaren ondorioz, herritar ugarik auto ilara luzeetan ordubetetik gora itxaron behar izan zuten herrian sartzeko.

Nire aldetik barkamena eskatu besterik ezin dezaket egin. Erruaren zati handi bat gurea da. Esan bezala, uste baino handiagoa izan zen jende uholdea, eta hasiera batean jaialdia ondo antolatua genuela uste arren, gauzak ez ziren guk nahi bezala atera arlo horretan.

Udaltzainez gain, jaialdiak ez al zuen eskatzen Ertzaintzaren presentzia handiagoa?

Herritarren seguritatea bermatzeko protokoloak badira; horietako batzuk 10.000 lagunetik gorako ekimenetan jartzen diren martxan, eta esan bezala, guk ez genuen zifra horretara hainbeste gerturatzerik espero. Hala ere, Ertzaintzako arduradunekin bilera bat egingo dugu, egun horretan gertatu zena aztertu eta aurrerantzean nola jokatu jakiteko.

Euri jasekin jendeak kontzertu gunea kolpetik laga zuenean, uneoro egon al zen segurtasuna bermatuta?

Gure ustez bai, etorri zen jendeak, orokorrean, jarrera ona izan zuelako. Euri jasek urduritasuna areagotu zuten, baina ez zen arriskurik egon. Orioko Udaltzaingoak, beren arduradunak barne, lan paregabea egin zuen egun horretan; hala ere, ezin dugu ukatu, ez zen nahikoa izan.

Aurrera begira, antolatuko al zenukete berriro jaialdia?

Baldintza ekonomiko berdinetan bai, baina mugikortasunera baliabide gehiago bideratuz.

Los 40 aukera bat da, baina gu irekita gaude beste guztietara ere. Niri, pertsonalki, Oriotarrock eder bat egitea gustatuko litzaidake, gure identitatearekin lotura handiagoa duen zerbait, kartela kanpotik ekarritako talde ezagunekin eta herriko taldeekin osatuz. Orioko hondartza leku ederra da kontzertuak antolatzeko, eta gauzak ondo eginez, Oriotarrock jaialdiak indarra hartza nahi nuke, Euskal Herriko musika zirkuituan erreferente bihurtuz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!