Bertan behera gelditu da hondartzetako sorosleen greba mugagabea

Urola Kostako Hitza 2018ko abu. 15a, 12:35

Sorosleek gaur, abuztuak 15, onartu dute Gurutze Gorriak, Gipuzkoako kostaldeko udalek eta ELAk adostutako hitzarmena. Bertan, langileak subrogatzea eta zenbait lan baldintza hobetzea hitzartu da. Orioko hondartzako sorosleek ere, hortaz,orain arteko greba bertan behera utzi dute.

Atzo, hilak 14, izan zen Gipuzkoako kostaldeko udalen, Gurutze Gorriaren eta ELA sindikatuaren arteko bilera, 16:00etan Lan Ikuskaritzan. Bertan hitzarmen bat adostu zuten, eta gaur berretsi egin dute sorosleek. Beraz, bertan behera utzi dute gaurko iragarrita zuten greba mugagabea. Hau guztia azaltzeko, prentsaurrekoa eman dute goizean, Donostian.

Adostutakoaren arabera, sorosleek lanean daramaten denboraren araberako antzinatasun plusa kobratuko dute laugarren urtetik aurrera, eta froga fisikoak gainditzen dituzten langileak subrogatuko dituzte. Sorosle lanetan aritzen diren lehen urtean hilero 200 euroko igoera egingo zaie, eta 400 eurokoa bigarrenean.

ELA sindikatuak ontzat eman du akordioa, eta sorosleek ere gaur onartu dute. Beren partetik, udalek konpromisoa hartu dute adostutako puntu guztiak lan hitzarmenean jasotzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!