Orioko senegaldar komunitateak Tabaski festa ospatuko du gaur, herriko plazan

Karkara 2018ko abu. 21a, 09:13
Richard Diatta da Tabaski festako antolatzailea.

Tabaski festa elkarbizitzaren jaia izatea nahi dute, eta jatorri desberdinetako herritarrak ekimenean parte hartzera gonbidatu dituzte senegaldarrek.

Gaur, asteartearekin, Aid El Kebir edo Sakrifizioaren Festa, musulmanen jai nagusia ospatuko da Orion, senegaldar komunitateak antolatuta. Orioko Herriko Plazan egingo dute ekimena, eguerdi partean hasi eta iluntzera bitartean.

Senegalen Tabaski izenez ezagutzen da Islamaren jai nagusia, eta Richar Diatta antolatzailearen esanetan senegaldarrentzat egun "garrantzitsua" da. "Senegalen musulmanak eta kristauak elkarbizi gara, eta bi komunitateen arteko harremana oso estua da. Ni kristaua naiz, baina modu berezian bizi du Tabaski Eguna. Izan ere, Senegalen musulmanen festa egunetan, bizilagunek beren ospakizunetara gonbidatzen gaituzte, eta gure jaietan ere inguruko musulmanak etxera gonbidatzen ditugu edo egun horretarako prestatzen diren jakiak banatzen dizkiegu". Herriko senegaldarrek ohitura hori Oriora ekarri nahi dute, eta jatorri desberdinetako herritarrak Tabaski festan parte hartzera gonbidatu dituzte. "Herriko apaiza eta meskitako imana ere gonbidatu ditugu jaialdira".

Diattaren esanetan festak bi helburu nagusi izango ditu. "Alde batetik, senegaldarron kultura herritarren artean ezagutarazi nahi dugu, eta bestetik Tabaski festa elkarbizitzaren jaia izatea gustatuko litzaiguke". Beraz, gaurko festan parte hartzera gonbidatu dituzte oriotarrak, "herritar guztiak izango dira ongi-etorriak".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!