EH Bildu-ren gutuna, `Los 40´jaialdiaren harira

Karkara 2018ko abu. 20a, 10:45

Orioko Udaleko EH Bildu alderdiak honako gutuna argitaratu du, Los 40 Summer Live jaialdiaren inguruan.

Orion abuztuaren 8an izan genuen “Los 40 Summer Live” jaialdia dela eta, ondorengoa adierazi nahiko genuke idatzi honen bitartez:

Bistakoa da, Los 40-k duen efektu mediatiko izugarri horren atzetik zer dagoen; ekitaldian bertan behin eta berriz iragarriak izan ziren marka komertzialak.  Negozio huts-hutsari begira dauden markak, pertsonen baloreen eta herri-izaeraren gainetik, kontsumoa helburu dutenak, zer eta kultura eta aisialdiaren marka jantzita.

Erakunde publiko batek, bultzatu behar ditu horrelako ekimenak?. Eskaintza hau, gainera,  gaztetxoei espresuki zuzendu zaienean,  eztabaidatu beharrekoa iruditzen zaigu gutxienez.

Arlo sozial, kultura zein hezkuntza mailako eragileen iritziak kontuan izan beharko genituzke horrelako eskaintzak etortzen zaizkigunean. Ez da horrelakorik gertatu, eta gure aldetik huts egite onen parte izan garen heinean, autokritika egiten dugu.

Jaialdi honek sortutako aztoramenduaz jabetu ondoren, hausnarketa egin beharrean izan gara. Guk geuk jaialdiari berari eman genion babesari autokritika zintzo bat eginez.

Batetik,Orio bezalako arnasgune batean  %100 gazteleraz osatutako  kultur ekintza batek tokirik ez duela usten dugu. Gehiago esanda, euskararen normalizazio prozesuan atzera pauso bat dela irizten diogu, bai herri mailan, baita ikuspegi nazionalean ere.

 Bestetik, emakumeen zapalkuntza justifikatzeko mezu sexistak ohikoak dituzten irrati eta musikariak parekidetasun kontrako noranzkoan kokatzen dugu. Gizarte bezala parekidetasuna erronka nagusienetakoa dugula benetan sinesten badugu, horrelakoak traba baino ez direla garbi izan beharko genuke.

Azkenik, herriko kultur agenda osatzeko bertako eragileekin lanketa bat egitea proposatzen dugu, herrigintza tresna helburu izanik, herrian nolako kultura sustatu behar den jakiteko. Lanketa erreala jarraia eta serioa.

 Bestalde, eta jai-ereduari dagokion hausnarketaren inportantzia azpimarratuz beti ere, ezin ahastu egunean bertan bizi izan genuena.  Zer esan ekitaldiaren inguruan sortu zen kaosaren aurrean?.

Lehenik biziki eskertu nahi ditugu, arratsalde-gau osoan, hamabi  ordu luzez, jo eta ke aritu ziren bost Udaltzainak, egin zuten lan pila gaitik. Euripean, kotxe eta jendez gainezka …, ez zitzaien nolanahiko egoera tokatu. Erakutsi zuten ardura, pazientzia eta prestutasuna aipatu beharrekoa da, inondik ere.

Zoritxarrez, ezin dugu berdin hitz egin EAJko udal gobernuko arduradun politikoek antolaketa honen aurrean egindako lanari buruz. Udal-langileen lana txapela kentzeko modukoa izanda ere, jarri ziren bitartekoak ez ziren nahikoak izan inondik ere.

Espero zen baino jende gehiago etorri zela esan dute eta ez gara horretaz eztabaidatzen  hasiko. Jende gutxiago bertaratu balitz ere, beste ekitaldi guztietan egiten den moduan (txirrindularitza zein mendi lasterketak, Kilometroak, Gure Esku, …), segurtasun eta babes planez gain, boluntarioak eta bestelako baliabide guztiak jartzea eskatu  behar litzaioke antolakuntzari. Kasu honetan, ez zen horrelakorik egin.

Bezperatik, euri-jasaren iragarpena ere jakinekoa zen eta horrek emergentziazko egoera bat planifikatzea eskatzen zuen. Argi gelditu zen, horretan ere huts egin zutela.

Aurreikuspen eta prestakuntza ezaren aurrean, arratsaldetik ikusten zen zetorkiguna; herria kotxez gainezka, lehen ordutik,espaloi guztiak ibilgailuz beteta, baita inguruko errepideak ere. Bost udaltzainez gain, inor ez guzti hau erregulatzeko.

Gero, iragarritako euri jasarekin, larriagotu egin zen egoera, herria eta irteera guztiak kolapsatuta, jendea (gaztetxoak bereziki), bide bazterretan eta ilunpean honek dakarren arriskuarekin …, Zorionez ez zen ezer larririk gertatu, baina horrek ez dio larritasunik kentzen bizi izandako egoerari.

Jaialdi honen helburuetako bat Orio ezagutaraztea bazen, emandako irudia  penagarria izan da.

“Ez genuen espero” horrela justifikatu nahi izan da gertatu den guztia. Esaldi horrek ondo adierazten du izandako inprobisazioaren neurria zenbaterainokoa izan zen. Kezkatzekoa benetan. 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!