Qasim Hussain eta Astou: "Zuen Gabon Egunaren antzerako ospakizuna da guretzat gaurkoa"

Karkara 2018ko abu. 21a, 11:07

Orion bizi diren musulmanentzat egun berezia da gaurkoa. Hala adierazi diete KARKARAri goizeko erlijio ospakizunetik atera berri diren Quasim Hussainek eta Astouk. Familia giroan egoteko eguna izan arren, aiarrak eta oriotarrak festara batzera animatzen dituzte.

Gaur, asteartearekin, Aid El Kebir edo Sakrifizioaren Festa, musulmanen jai nagusia ospatuko da Orion, senegaldar komunitateak antolatuta. Orioko Herriko Plazan egingo dute ekimena, eguerdi partean hasi eta iluntzera bitartean.

Goizaldean errezoan ibili da komunitate musulmana; orain, familiarekin elkartu eta arkume janari ekingo diote. Guretzat zuen Gabon Eguna bezalakoa da gaurko jardunaldia. Urteko ospakizun garrantzitsuenetarikoa da guretzat; familiarekin juntatu, eta festaz gozatzen dugu denok batera, dio Orion orain dela 10 urtez bizi den Quasim Hussainek.

Astou neska gazteak ere arkumearen sakrifikatzearen garrantzia nabarmendu du: Arkumea jan ohi dugu gaur; hiru zatitan mozten dugu; zati bat norberarentzat izaten da, bestea, familia artean banatzen eta, eta hirugarrena, arrazoi bat edo beste tarteko, gaurkoan arkumea jateko aukerarik ez duten musulmanekin partekatzen dugu.

Eguerdi aldera, plazan hainbat ekintza egingo dituzte, iluntzera arte. Herritarrak bertan parte hartzera gonbidatzen dituzte kultura herritarren artean ezagutarazteko; gaurko festa elkarbizitzaren jaia izatea gustatuko litzaiguke, berretsi dute biek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!