Traineru denboraldia 2018

Donostiako Estropadari begira daude herriko traineruak

Karkara 2018ko abu. 28a, 09:30

Ostegunean 17:30ean hasiko da emakumezkoen sailkapen estropada, eta 18:00etan ekingo diote gizonezkoen erlojupekoari.

Iraila iristear da eta Donostiako Estropadarako prestatzen ari dira herriko traineru nagusiak. Ostegunean jokatuko da Kontxako Banderarako sailkapen estropada, eta irrikaz daude arraunlariak. 17:30ean, emakumezkoen sailkapen estropada jokatuko da, eta 18:00etatik aurrera gizonezkoena.

Orioko emakumezkoen txalupa bigarren postuan sailkatu da Euskotren Ligan, eta traineruko patroi Nadeth Agirrek aitortu du «urrats bat aurrera» egin dutela ligan zehar. "Hasieran bigarren postuarekin konformatzen ginen, baina estropadak jokatu ahala ohartu ginen San Juanengandik gero eta gertuago geundela, eta banderak irabazteko lehian ibili gara. Maila onean iritsi gara Donostiako Estropadara". Osteguneko erlojuaren aurkako estropadan emakumezkoen zortzi traineruk lortuko dute Kontxako Bandera jokatzeko txartela. "Argi dugu estropadaz estropada joan behar dugula, eta lan ona egiteko gogoz gaude, indartsu".

Gizonezkoak ere "gogotsu"
Orioko gizonezkoen trainerua igandean Boiron (Galizian) laugarren postuan sailkatu bazen ere, oriotarrak "gustura" daude egindako lanarekin. "Galiziakoak ur geldiak dira, eta azken urtetan Urdaibai gainontzekoak baino hobeto moldatu izan da mota horretako estropada eremuetan. Dena dela, guk lan ona egin genuela uste dugu", azaldu du Iñigo Mujika arraunlariak. Orain Donostiako Estropadari begira daude oriotarrak, eta jakin badakite lau-bost traineru oso parekatuta daudela. "Donostiako Estropada zerotik hasten da. Faktore askok eragiten dute Kontxako Banderan, eta ahal dugun lanik onena egitera aterako gara uretara datozen jardunaldietan, bandera irabazteko lehian egoteko. Gogotsu gaude".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!