Kontxako lehen jardunaldiko emaitza "kolpe handia" izan dela aitortu dute arraunlariek

Karkara 2018ko ira. 3a, 17:00
Orioko gizonezkoen trainerua Donostiako arranplara sartzen, pasa den ostegunean. (Egiguren Argazkiak)

Orioko gizonezkoen trainerua bosgarren izan da Kontxako estropadako lehen jardunaldian. Emakumezkoen txalupa berriz, hirugarren sailkatu da.

Igandean Kontxako Bandera estropadako lehen jardunaldia jokatu zen, DonostianOrioko emakumezkoen eta gizonezkoen traineruek parte hartu zuten denboraldiko arraun hitzordurik garrantzitsuenean, baina uste baino emaitza okerragoak lortu zituzten. Emakumezkoen txalupa hirugarrena izan zen San Juanen eta Riveiraren atzetik, eta gizonezkoen ontzia bosgarren kokatu zen sailkapen orokorrean. Beraz, azken honek datorren igandean ez du ohorezko txanda jokatuko.

Emakumezkoen lehia 11:00etan hasi zen. Oriotarrek lehenengo txandan jokatu zuten estropada, San Juan, Riveira eta Donostiarraren aurka. Hasieratik hirugarren postuan kokatu ziren arren, Nadeth Agirrek patroiak Euskadi Irratiari aitortu zion "gustura" egin zutela arraunean. Horregatik, ez zuten espero San Juanek zazpi segundoko aldea ateratzerik. "Ea datorren igandean zer itsaso dagoen". Helburua Riveira taldea dela ere adierazi zuen Nadeth Agirrek. "Gure helburua galiziarrak dira, haiek ateratzen diguten segundo hori jan eta gutxienez bigarren postua lortu nahi dugu", esan zuen. Izan ere, galiziarrak bigarren postuan sailkatu ziren lehen jardunaldian, San Juanengandik sei segundora.

"Kolpe handia"
Gizonezkoen emaitzak lur jota utzi zituen Orioko jarraitzaileak. Izan ere, oriotarrek ez zuten asmatu. Lehen txandan jokatu zuten, Hondarribia, Cabo eta San Pedroaren aurka, eta luzearen hasieran, irla parera arte, ontzi guztiak hiru segunduren barrruan bazeuden ere, itsaso zabalean tarteak zabaltzen hasi ziren. Hondarribia estropadaren buruan jarri zen, eta Oriok bigarren postua lortzeko lehiari ekin zion Caboren aurka.

Ziabogan Cabo aurretik izan zen, eta estropadari buelta emateko asmoz, helmugarako 1700 metro falta zirenean Aranberrik norabide aldaketa bat egin zuen, Caboren ondotik alde eginez. Dena dela, ez zuen lortu errenta txikitzerik eta Hondarribiarengandik 20 segundura iritsi zen helmugara.

Sailkapen orokorrean bosgarren postuan sailkatu dira oriotarrak, eta Iñigo Mujika arraunlariak azaldu duenez "kolpe handia" izan da. "Oraindik ez dakigu zer gertatu zen. Hasieratik atzean geratzen hasi ginen. Ustez nahiko ondo ari ginen arraunean, baina aurkariak gero eta aurrerago ikusten genituen, balazta botata genuela zirudien", azaldu du.

Urdaibairi epaileek jarritako zigorra kontutan hartuta, bosgarren postuan sailkatu dira oriotarrak. "Urte osoa buru-belarri entrenatzen jardun ondoren, Kontxako estropadan emaitza kaskarra lortzea kolpe handia da" aitortu du Mujikak. Hala ere, datorren igandean ahal den lanik onena egitera ateratzeko asmoa dute Orioko arraunlariek. «Aurkari gogorrak izango ditugu alboan, eta gure txanda irabaztera aterako gara uretara».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!