karkara.eus

Maria Eugenia Atxega: "Futbolean jokatzera etorri nahi duten guztiak ongi-etorriak dira elkartean"

  kirola  Orio

1999-2000 denboraldian hasi zen Maria Eugenia Atxega Orioko Futbol Taldean boluntario lanetan. Egun, futbol zelaiko eguneroko martxa antolatzen du, eta elkarteko tabernaren arduraduna da.

Maria Eugenia Atxega: "Futbolean jokatzera etorri nahi duten guztiak ongi-etorriak dira elkartean"
Maria Eugenia Atxega Mendibeltz zelaian. (Aiora Larrañaga) | Ikusi handiago | Argazki originala

Nola hasi zinen futbol taldean boluntario bezala lanean?
Kasualitatez hasi nintzen. 1999-2000 denboraldia zen. Etxean beti gustatu izan zaigu kirola, ni neu nire seme-alaben partida guztiak ikustera joan naiz txikiak zirenetik. Garai hartan Orioko Futbol Taldeak hondartzan zuen zelaira futbol partidak ikustera joateko ohitura genuen, eta garai hartan futbol taldeko presidente zen Makatzak nire gizonari proposatu zion, ea gaztetxoekin delegatu bezala jardun nahi zuen. Nire gizona arrantzalea zen, eta esan zion azarora arte ezingo zuela hasi. Orduan senarrak nik joan  nahi nuen galdetu zidan.Hasiera batean, ez nengoen ziur, ez bainekien zein izango zen nire lana, baina delegatu lana zer zen azaldu zidaten eta onartzea erabaki nuen. Horrela hasi nintzen. Hamalau urte egin ditut delegatu moduan eta kadetetan, jubeniletan eta nagusien mailan aritu naiz.

Zer lan egiten du delegatuak?
Astebururo taldearekin ibiltzen da batetik bestera, eta partida bakoitzean bete behar diren izapideez arduratzen da. Horrez gain, entrenatzailearekin batera aukian ere egoten da delegatua; ni esaterako apuntetxoak hartzen aritzen nintzen, gola nork sartzen zuen eta zein minututan, horrelakoak zehaztuz. 
 
Delegatu lanaz gain, beste lanik eginbeharrik izan al duzu elkartean?
Bai, gurea bezalako elkarte batean gauza mordoa egin behar da, eta niri denetik egitea tokatu zait. Elkarteak martxa ona izan dezan lanak banatu egiten dira. Elkarteko presidentea joaten da federazioarekin egin behar diren bileretara. Ni berriz jokalarien fitxak betetzearen arduraduna naiz, eta horretan nabil azken egunetan. Garai batean eskuz egiten genituen, baina orain ordenagailuz betetzen dira interneteko programa batekin. Horrez gain, entrenamenduen eta partiden ordutegiak ere kudeatzen ditut, era duela urte batzuk elkarteko tabernaren ardura hartu nuen. Taberna etxeko partida guztietan ireki behar denez, delegatu lana utzi egin behar izan nuen, bateraezinak direlako. Tabernan irabazten dena elkartearentzat izaten da. 
 
Laster 20 denboraldi beteko dituzu futbol elkartean. Asko aldatu al da elkartea?
Bai, azken hogei urtetan, pixkanaka indarra hartzen joan da futbol elkartea herrian, gustura gaude. Ni hasi nintzenean hondartza inguruan genuen futbol zelaia, eta hiru talde zituen elkarteak. Futbol zelaiz aldatzea aldaketa handia izan zen, uste dut ordutik elkartea asko hazi dela. Orain futbol zelaia herrian bertan dago, eta jende asko etortzen da asteburuetan futbola ikustera. Horrek pixkanaka afizioa sortzen du, eta gero eta haur eta gazte gehiago animatzen dira futbolean jokatzera.

Gaur egun, mutilen sei talde eta nesken beste bi ditugu. Horrez gain, futbol eskola ere badugu. Asko hasi da elkartea, eta orain lehen ez genituen zailtasunak sortu zaizkigu. Alde batetik, entrenatzaileak bilatu behar izaten ditugu; orain arte gurasoek jarrera ona izan dute eta laguntzeko prest agertu dira, baina elkarlana garrantzitsua izaten da. Bestetik, sarritan entrenamendu saioak eta partidak antolatzeko arazoak ere izaten ditugu, zelai bakarra baitugu. Horrez gain, zelaia sofbol taldearekin elkarbanatzen dugu, eta talde guztiak kudeatzea eta denen ordutegiak koordinatzea nahiko lan zaila izaten da. Zailtasunak zailtasun, futbolean jokatzera etorri nahi duten guztiak ongi-etorriak dira elkarteak.
 
Emaitzei dagokionean zein helburu ditu Orioko Futbol Taldeak?
Guk badakigu elkartearen mugak zein dira. Herri txiki bateko futbol elkartea gara, eta gure kirol helburuak horren araberakoak izan behar dute. Gazte mailan esaterako, argi dugu partida irabaztea ez dela garrantzitsuena, eta taldekide guztiek jokatzea izaten da entrenatzailearen helburua. Bestalde, nagusien taldeak Gipuzkoako Preferente mailan jokatzen du; mailaz igo izan gara, baina badakigu oso zaila dela gorengo maila hori mantentzea. Nagusi mailan ere, herriko gazteei futbolean jokatzea aukera eskaintzea da gure helburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa