Hegaluzea barra-barra

Karkara 2018ko ira. 8a, 09:00
Hegaluzea / Argazkia: Aritz Mutiozabal

Ohi baino ia bi hilabete lehenago bukatu da hegaluzearen kanpaina. Azken 30 urteetan, arrantza debekua ez da aurten bezain garaiz sekula jarri. Alde batetik, seinale ona da, hegaluzea badagoelako, baina alde txarra ere badu; arrantzale askok lehorrean egon beharko dutelako 2019ko otsaila bitartean.

Hegaluzea harrapatzeko kanpaina urria erdialdean amaitu ohi da, baina aurten, abuztua bukatzeko astebete luze falta zela ezarri zuten arrantzarako debekua.

Kanpaina hasieratik, baporeek arrain asko topatu dute kostaldetik gertu, eta oparotasun hori mantendu egin da gerora ere. Beste urteetan gertatu izan da kanpainan zehar bolada onen bat tokatzea, baina aurten ugaritze hori luze mantendu da, adierazi du Haritz Arrizabalaga Azti Tecnaliako Tunidoen arloko ikertzaileak. International Comission for the Conservation of Atlantic Tunas elkartean, hegaluzearen inguruan lan egiten duen taldeko partaidea ere bada. Bere hitzetan, arrantza kuoten inguruko kudeaketa neurriak aholku zientifikoen araberakoak dira. Aurten, 15.000 tonakoa izan da zifra. Kuota errespetatzea garrantzitsua da hegaluze kopurua produkzio maila altuenean mantentzeko. Helburu horrekin jartzen da muga, dio ikerlari oriotarrak.

Hala ere, azken urteetan harrapatu den kilo kopurua kuotatik behera ibili izan da, eta urteren batean kopuru hori pasatzea jasangarria izango litzatekeela uste du Haritzek. Aurtengo udan izandako eguraldiaren ondorioz, itsasoko urak aspaldiko tenperaturarik altuena du. Aurreko urteetan ere izan dira tenperatura altuak, eta horrek ez du eragin izan hegaluzearen arrantzan. Nire ustez, klima aldaketarena ez da faktore adierazgarriena. Hori bai, aurrerantzean tenperaturek gorantz jarraitzen badute, litekeena da kostaldean ur beroetako espezie batzuk ugaritzea.

Ontzi pelagikoen deskargak
Aurtengo kanpainan eztabaida piztu du Eusko Jaurlaritzak arrantzontzi pelagikoen deskargak ez oztopatu izanak. Haritzen iritziz hemengo ontziek hegaluzea arrantzatzeko erabiltzen duten teknika, amuarekin piezak banan bana harrapatuz, jasangarriena da ekosistemarentzat. Ikuspuntu sozialetik begiratuta ere bere esangura du; arrantzarako teknika hori erabiltzea tradizioa, ohitura, bizimodu baten isla da. Arrantza pelagikoa, aldiz, ez da hain errespetuzkoa, eta sozialki kutsu enpresarialagoa du. Azken asteetan sortu den eztabaidari erreferentzia eginez. Haritzen arabera, kontsumitzaileak du giltza, norberak erabaki dezake zein hegaluze kontsumitu nahi duen, amuarekin harrapatutakoa edo bestea.

Kanpaina errentagarria
Gipuzkoako eta Bizkaiako kofradiek esan dutenez, aurtengo kanpaina errentagarria izan da. Hegaluzea kostaldetik gertu harrapatzeari esker, ontziek milaka euro aurreztu dituzte erregaian, eta hegaluze kiloa 3,5 eta 4 euro artean ordaindu diete lonjetan. Hala ere, Miren Garmendia Gipuzkoako Kofradietako idazkariak azaldu duenez, orain portuan geratu behar izateak amorrua ematen die arrantzaleei. Kuota handiagoa eskatzen dute, zientzialariek hegaluzearen egoera ona zela baieztatu dutelako. Bere hitzetan, arazoak daudenean kuotak erraz jaisten dira, baina igotzea asko kostatzen zaie.

“43 urtetan ez dut horrelakorik bizi izan itsasoan”

Bittor Dorronsoro - San Antonio ontziko patroia

Bittor Dorronsoro San Antonio ontziko patroia da. 43 urte daramatza itsasoan, arrantzale lanetan. Urtero, San Pedro jaien ondoren, hegaluzea arrantzatzera itsasoratzen dira. Normalean, urria amaiera edo azaroa hasierara arte irauten du kanpainak. Aurten, ordea, hilabete eta erdi eskas eman dute atuna arrantzatzen. Inoiz ez dugu horren denbora gutxian horrenbeste hegaluze arrantzatu; epe motzera ona da, baina orain zer egingo dugu azarora arte? azaldu du kezkatuta.


Denboraldi hau historikoa izan dela esan genezake, inoiz baino hegaluze gehiago aurkitu baituzue itsasoan.
Bai, hala da. Nik 43 urte daramatzat arrantzale, eta inoiz ez dut ikusi horren denbora gutxian hainbeste hegaluze.

Noiz irten zineten itsasora; eta itzuli?
Sanpedroak pasata ateratzen gara hegaluze bila, eta normalean azaroa hasierara arte irauten du arrantzak. Oraingoan, ordea, abuztuaren 23rako etxean geunden. Ezin baitugu gehiago arrantzatu, eta lehorreratzeko agindua jaso genuen.

Kontrolak zorrotzak al dira?
Gaur egun oso zorrotzak dira. Nik, patroi gisa, egunero Espainiako Gobernuari txosten bat bidali behar diot, zenbat arrantzatu dugun eta beste zenbait datu emanaz. Europar Batasunak muga zorrotzak jarri ditu azken urteetan, batez ere gure kostalde inguruan. Horrek kalte handia egin digu. Isunak sekulakoak dira, beraz, ezin dugu arriskatu.

Era orain, azaroa iritsi arte, zer?
Gero sardina denboraldia dator, baina bitartean ezin dugu askorik egin. Arrantzaleontzat, dendarientzat eta oro har, kontsumitzailearentzat kaltegarria da hau. Egoera zaila da. A.LASA

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!