Orioko gizonezkoen traineruak gaurko bigarren denborarik onena markatu du

Karkara 2018ko ira. 9a, 13:09

Hondarribiak irabazi du aurtengo Kontxako Bandera, pasa den igandeko denborez baliatuz, eta Urdaibai izan da jardunaldiko azkarrena.

123. Donostiako Estropada jokatu da gaur eguerdian Donostian. Orioko gizonezkoen txalupak lehen txandan arraunean egin du, Bermeo-Urdaibai, Donostiarra eta San Pedrorekin batera. Hasiera, oriotarrak estropadaren buruan jarri dira, baina itsaso zabalean Bermeok aurre hartu die eta 3 segundura jarri da etxeko trainerua.

Estropadan zehar tarteak mantendu badira ere, irla parean olatua hartu dute oriotarrek eta pare-parean jarri dira bi ontziak badian. Dena dela, oriotarrek ez dute Bermeoko ontzia pasatzerik izan, eta bizkaitarrak baino hiru segundu beranduago helmugaratu dira. Dena dela, jardunaldiko denborarik onenak markatu dituzte bermeotarrek eta orioarrek.

Bandera Hondarribiara
Orioren eta Bermeoren arteko lehia estua izan bada ere, aurreko igandeko denborak kontutan hartuta, ohorezko txandan erabaki da aurtengo Kontxako Banderaren irabazlea nor den. Estropada osoan zehar, lehia bizi-bizia jokatu dute Hondarribiak eta Zierbenak, baina azken txanpa zirraragarriaren ostean, Bidasoako ontzia bi segundu lehenago helmugaratu da, eta Kontxako Bandera irabazi du.

Iñaki Arosegik ETB1 ean azaldu duenez, "gustura" dira Oriok jardunaldi honetan bere maila eman duelako. "Aurreko astean ez genuen gure maila eman. Gaur lan ona egin dugu, baina pena izan da ez dugulako txanda irabazterik izan. Dena dela, sailkapen orokorrean hirugarren postuan sailkatu gara".

Bestalde, Arostegik eskerrak eman dizkie herriko traineru babestu duten zaletu guztiei. "Orioko zaleak dira txapeldunak".

DONOSTIAKO ESTROPADAKO 2. JARDUNALDIA
1.- Bermeo-Urdaibai 19:46,78
2.- Orio 19:50,40
3.- Hondarribia 19:54,06
4.- Zierbena  19:55,82
5.- Donostiarra 20:21,86
6.- Cabo 20:27,50
7.- San Pedro 20:28,06
8.- Santurtzi 20:36,98

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!