Mikel Orbañanos: "Atzoko estropadan, dena pentsatu bezala atera zen zorionez"

Karkara 2018ko ira. 10a, 18:31
Argazkia: Irun_informa

Hondarribiak eta Zierbenak estropada ikusgarria jokatu zuten atzo Donostian. Bi traineruek helmuga pasa zutenean, tostartean inork ez zuen garaipen keinurik egin, badaezpada ere; azkenean, tarte txikiarekin irabazita izan bazen ere, hondarribiarrek astindu zuten 2018ko Kontxako bandera. Mikel Orbañanosen palmareseko seigarrena.

Hondarribiako festak eta Kontxako banderaren ospakizuna batera. Festa ederra izango zen atzo herrian.

Bai, herritarrak festetan murgilduta egon dira azken egunetan, eta atzo dena juntatu zen. Kontxako bandera irabazi eta ospatzeko gose handia zegoen herrian.

2013an lortu zenuten Kontxako azken garaipena. Urte batzuetan bandera hau ez irabazteak sortzen al du halako obsesio edo irrika berezirik?

Azken urteetan Ohorezko txanda izan gara beti, eta garaipenetik ere gertu ibili izan gara, baina bandera irabazi gabe. Urtez urte, Donostiako zita gerturatzen zen heinean, presio berezia sentitzen genuen, aukerak izanagatik bandera irabaztea lortzen ez genuelako.

Zierbena ozta-ozta gailendu zen lehen jardunaldian. Lehengo astean, nola egin zenioten aurre atzoko estropadarako prestaketei?

Pasa den astean, helburu nagusia gainetik presioa kentzea izan da; orokorrean, Kontxako aurtengo edizioa lasaiago hartzea lortu dugu. Arlo psikologikoari dagokionean, Donostiako estropada beste edozein bezala enfokatzen saiatu gara.

Atzoko lehia ikusgarria izan zen.

Estropada hasterako, bagenekien Zierbena aurkari gogorra izango zela, eta sufritzeko txanda aurreikusi genuen. Ahalik eta lanik onena egitera atera ziren mutilak, eta zorionez, pentsatu bezala irten zen dena. 

Zein izan zen txanda irabazteko gakoa?

Estropada erregularra egin genuen, hasieratik bukaeraraino. Kanporako luzean arraunketa mantendu genuen, eta ondo eutsi genion Zierbenari. Barrurantz, momentu zehatzetan ondo jo genion olatuari, eta azken txanparako indarrak jasotzen asmatu genuen.

Zierbenak aukera historikoa zuen atzo.

Denboraldia hasterako bagenuen Zierbenaren potentzialaren berri. Meritu handia duen taldea da, eta nire partetik, zoriondu egin nahi ditut atzo egin zuten estropadagatik. Gurea izan zen garaipena, baina beren aldera ere joan zitekeen. Aurrera begira, kontuan izateko taldea da.

Liga bukatzeko bi jardunaldiren faltan, 15 puntura duzue Urdaibai.

Matematiken arabera, oraindik badugu aukera minimoren bat, baina errealistak izanez gero, ezetz esan dezaket. Urdaibaik uda oso ona egin du. Akats gutxi egiteaz gain, garaipen asko lortu dituzte. Haiek izan dira erregularrenak. Hala ere, denboraldia bi estropada on eginez bukatzen saiatuko gara.

Hondarribiak urte asko daramatza banderen borrokan sartuta. Harrobiaren lanketa ona al da horren gakoa?

Gazteen mailetan lana ondo egitea garrantzitsua da gero fruituak jasotzeko, dudarik gabe. Hondarribian senior mailara iristen diren askok aukerak izaten dituzte A traineruan lehiatzeko; hala ere, ez da erraza lehen traineruko tripulazioan sartzea, pazientzia behar izaten da. Hor sartzen da gure lana: lehen trainerua maila gorenean mantentzen saiatzen gara, baina ahal den neurrian, gazteei aukerak emanez.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!