Udalak herriko pobrezia, gabezia, desberdintasun eta gizarte-bazterketa egoerak aztertuko ditu

Karkara 2018ko ira. 13a, 09:35
Argazkia: berria.eus

Irailaren 19an, asteazkenarekin, aurkeztuko du datozen hilabeteotan egingo duen azterketa. Aurkezpen-ekitaldia kultur etxean izango da, 19:00etan.

Udalak Orioko pobrezia, gabezia, desberdintasun eta gizarte-bazterketa egoerak aztertuko ditu, Siadeco Ikerketa Elkartearen bidez. Hori egiteko arrazoiak zein diren eta azterketa nolakoa izango den azaltzeko, aurkezpen-ekitaldi bat deitu du Udalak datorren asteazkenean, irailak 19. Aurkezpen-ekitaldia kultur etxean izango da, 19:00etan. Ekitaldi irekia da eta Udalak gaiarekin interesa duten herritar guztiak gonbidatzen ditu parte hartzera.

Azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa

Teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak uztartuko ditu Siadecok, lan hori egiteko, herriko errealitatearen argazki ahalik eta osoena lortzeko. Azterketa irailean hasiko da eta urtea amaitu aurretik jasoko du emaitza Udalak.

Aurrena Orioko egitura soziodemografikoaren eta adierazle sozioekonomikoei buruzko informazioa bilduko du Siadecok zenbait iturritatik: Eustat, INE, Gipuzkoako Foru Aldundia (Gizarte Politikako Departamentua, Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Inkesta...), Eurostat, Udala, eta abar.

Ondoren, inkesta bat egingo du Orioko 400 etxebizitzatan. Gaiari lotuta erabiltzen diren adierazleei buruzko informazioa bilduko du eta, ondoren, konparatu egingo ditu Orioko datuak eskualdekoekin, Gipuzkoakoekin, EAEkoekin, estatukoekin eta Europakoekin.

Ikerketaren alde kualitatiborako, ostera, Orioko eta inguruko eragile publiko eta pribatuengana joko du Siadecok, informatzaile kualifikatuak elkarrizketatzeko: Orioko Udala, Caritas, Lanbide, ikastetxeak, enplegu eta osasun zentroak, jubilatuen elkarteak, gizarteratze elkarteak, eta abar.

Azterketa horren bidez, Orioko Udalak jakin ahal izango du zenbat diren herrian pobrezian eta bazterketan bizi direnak eta zer nolako egoerak bizi dituzten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!