Astelehenean epaituko dute Josu Arruti oriotarra, maiatzean protesta baketsu batean atxilotu ostean

Karkara 2018ko ira. 14a, 15:47

Turismoaren Mundu Erakundeak goi bilera egin zuen maiatzean Donostian, eta Bizitza da handiena mugimenduak protesta baketsua antolatu zuen agintariei beren ikuspuntua azaltzeko asmoz. Ertzaintzak elkarretaratzea desegiteari ekin zionean atxilotu zuen gazte oriotarra.

Maiatzean Josu Arruti oriotarra eta Mikel Zabaleta zarauztarra atxilotu zituen Ertzaintzak Bizitza Da Handiena mugimenduak deitutako protesta batean parte hartzen ari zirenean Tabakaleran, Donostian. Turismoaren Mundu Erakundeak Donostian egin zuen goi bileraren kontra deitu zuen protesta mugimenduak, eta aste osoan zehar hainbat ekintza antolatu zituen, baita bost urtez hutsik egondako eraikin publiko bat okupatu ere. Goi bilerako kideak luntxean zeudela, Tabakalera kanpoan egindako elkarretaratze zaratatsuan atxilotu zituzten Arruti eta Zabaleta. Protesta baketsua zen, gure helburua goi bilerakoek herriak pentsatzen duena jakitea zen. Hasi bezain laster ertzain multzo batek inguratu gintuen, hala adierazi zuen Arrutik Argiak egindako elkarrizketan.
 
Bizitza Da Handiena mugimenduak jakinarazi duenez, datorren astelehenean deklaratuko dute Arrutik eta Zabaletak, eta hainbat mobilizazio daude iragarrita datozen egunetarako. Herenegun, Tabakalera aurrean bi auzipetuei babesa adierazteko elkartasun argazkia atera zuten. Datorren astelehenerako, berriz, mugimenduak elkarretaratzera deitu du Donostiako Egia auzoko epaitegien parean 09:30ean. Horiez gain, izan ditzaketen gastuei aurre egiteko ekimen desberdinak antolatu dituzte.
 
Bi auzipetuei autoritatearekiko desobedientzia eta lesioak egozten dizkiete, eta asteleheneko deklarazio hartzearen ondoren jakingo dute prozesuak aurrera jarraituko duen edo ez. Oraindik ez dakite, gero epaiketak aurrera jarraituko duen. Ondorioz, fiskaltzak oraindik ez du zigor eskaerarik egin, eta okerragoa izan daitekeenaren beldur diren arren, bi auzipetuek guztia isun batean geratzea espero dutela azaldu dio HITZAri Arrutik. Astelehenekoa igaro arte, ezinegonez jarraituko dugu. Bizitza Da Handiena mugimenduaren esanetan, erabat faltsuak diren akusazioak egin dizkiete bi auzipetuei. Maiatzeko egun hartako mobilizazioa erabat baketsua eta zilegia izan zela nabarmendu du mugimenduak.
 
Okupazioagatik epaituak

Eskualdeko biak deklaratzera deituak dauden arren, Bizitza Da Handiena mugimenduko beste bi kide okupazioa egotzita deituak zeuden deklaratzera irailaren 25erako. Baina epaiketa hori behin-behinean bertan behera gelditu dela jakinarazi zuen atzo mugimenduak. Esan duenez, defentsa abokatuak jarduketak baliogabetzeko eta auzia artxibatzeko eskatu dio epaileari, eta hark epaiketa etetea erabaki du, eskaria aztertu artean. Defentsa abokatua ere auzipetuta dago.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!