Iban Egiguren: "Zeharkaldian zehar parte-hartzaileek bizitako sentipenak agertzen saiatu naiz dokumentalean"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2018ko ira. 19a, 16:10
Iban Egiguren dokumentala grabatzen itsaso zabalean. (Egiguren Estudioa)

Ostiralean 'Zergatik ez' erronka bertatik bertara azalduko duen dokumentala estreinatuko da Orioko plazan, 21:30etik aurrera. Iban Egiguren oriotarrak egin du dokumentala, eta ikus-entzunezko proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu.

IBAN EGIGUREN

Nolatan bururatu zitzaizun dokumental hau egitea?
Neska talde bat erronkarako prestatzen hasi zenean, horietako bat etorri zitzaidan dokumental bat egiteko asmoa zutela esanez, eta proiektuak aurrera egiten bazuen niregana joko zutela aipatu zidan. Jakinaren gainean nengoen, eta ekainean etorri zitzaizkidan berriz, beren dokumentala grabatzeko prest izango nintzatekeen galdetuz. Baiezkoa eman nien, une horretan hasi ginen lanean.

Nola izan zen dokumentalaren sortze prozesua?
Bigarren bilerarako dokumentalaren gidoia prestatua nuen. Bertan zehaztu nien une bakoitzean zer grabatuko nuen eta nola. Grabaziorako bi dron ere alokatu genituen, argi bainuen euskal kostaldeko paisaia ikusgarriak airetik grabatzeak indarra emango ziola dokumentalari. Ez nenbilen oker, airetik grabatutako irudi zoragarriak ikusi daitezke dokumentalean eta.

Horrez gain, narratzailea ere badu dokumentalak. Grabazioan zehar koaderno batean apuntatu nituen garrantzitsuak iruditzen zitzaizkidan gertakariak, eta beharrezkoa iruditu zitzaidan proiektuaren sorrera, garapena eta beste zenbait xehetasun kontatzeko narratzailea sartzea. Emakumeen erronka izanik, aproposena emakume ahotsa zela iruditu zitzaidan, eta Mireia Bravok jarri du ahotsa. Beste dokumental batzuetan ere parte hartu izan du Bravok, eta uste dut bere ahotsak puntu berezia ematen diola dokumentalari.

Grabaketaren aurretik, lan handia eskatu al zizun mota horretako dokumentala prestatzeak?
Proiektu garrantzitsua izan da, eta horrelakoek beti eskatzen dute hausnarketa eta lanketa sakona. Hala ere, aitortu behar dut hasieratik nahiko erraz irudikatu dudala dokumentala nire baitan. Beti da gomendagarria ideiak idaztea, ahaztu ez daitezen, baina nahiko argi nuen zein irudi nahi nituen eta zer grabatuko nuen. Grabazioaren ondoren, azken hilabete eta erdi honetan dokumentala editatzen jardun naiz buru-belarri. Oro har, niretzat oso esperientzia aberasgarria izan da, eta egia esan dokumental gehiago egiteko gogoa ere sartu zait.

Zure lehen dokumentala izan al da?
Ez, aurretik egin izan ditut dokumentalak, Divina Lanberriri buruzkoa esaterako. Dena dela, hau desberdina izan da. Erronka bere osotasunean hartuko zuen dokumentala nahi genuen, eta horretarako beraiekin egin nuen Oriotik Bilbora joan-etorria eta lau egunetan zehar 24 orduz beraiekin bizi izan nintzen, erronkaren xehetasun guztiak jasotzeko. 

Egia esan, proposamena egin zidatenean aukera paregabea iruditu zitzaidan, eta ni neu oso gustura nago egin dudan lanarekin eta azken emaitzarekin. Gainera, emakume talde batek mota horretako erronka bat egiten duen lehen aldia izan da; lehenik eta behin arraunean ikasi behar izan dute, arraunean lau egunetako espedizioa egiteko. Erronkaren atzean ahalegin ikaragarria dago, eta niretzat ohorea izan da proiektuan parte hartzea.

Erronkaren zein aspekturi eman diozu garrantzia dokumentalean?
Gehienbat alderdi pertsonala nabarmendu dut, zeharkaldian zehar parte-hartzaileek bizitako sentipenak agertzen saiatu bainaiz dokumentalean. Emakume hauek egin dutena ez du beste inork egin; urtebete egon dira entrenatzen eta erronka bete bitartean bizi izan dituzten zailtasunak, nekea, ahalegina, indarra edota poza helarazten saiatu naiz dokumentalean.

Parte-hartzaileentzat erraza izan al da ibilbide guztian zehar kamera inguruan izatea?
Hasieratik argi utzi nien uneoro berain artean egongo nintzela, eta kameraz ahaztu behar zutela, naturaltasunek jokatu, kamerarik egongo ez balitz bezala. Hasieran bati edo besteri pixka bat kostatu zitzaion, baina segituan ohitu ziren, eta primeran moldatu ginen.

Beraz, dokumentala ikusten dutenak erronkan bete-betean murgilduko dira.
Bai, orain arte beraiek kontatutakoa dakigu, baina dokumentala ikusten dutenek erronka bertatik bertara biziko dute. Parte-hartzaileak arraunean, laguntza ontziarekin arraunlari aldaketak egiten, edari isotonikoak prestatzen, atseden hartzen, bazkaltzen edo afaltzen, xehetasun txikienak ere jasota daude ordubeteko dokumentalean. Beraz, herritarrak ostiral iluntzean, pintxo-potearen ondoren, herriko plazara gonbidatu nahi ditut, 21:30etik aurrera estreinatuko baitugu dokumentala. Bertan izango dira erronkan parte hartu duten arraunlariak ere.

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!