Joanito Orella: "Urriaren 6ko surf ekimenean materiala bildu nahi dugu Senegalera eramateko"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2018ko ira. 24a, 17:00
Joanito Orella larunbatean bidaiarako furgoneta prestatzen.

Irailaren 23an, Atenas aldera abiatu ziren Ez Itxi Begiak elkarteko hiru kide, tartean Joanito Orella. Bidaiaren aurretik elkarteak esku artean dituen proiektuez hitz egin zuen Orellak, besteak beste haur arropa eta oinetakoak eta eskola materiala bildu nahi dituzte Senegalera eramateko.

Igandean, goizeko 05:00etan irten ziren Ez Itxi Begiak elkarteko kideak Atenas aldera, eta tartean zen Joanito Orella. Bi eguneko bidaia dute aurretik, eta errefuxiatuak artatuko dituen erietxe batera janaria eta osasun materiala eramatea dute helburu. Bidaiaren aurretik, furgoneta prestatzen ari zela, proiektuaren nondik norakoak izan zituen hizpide Joanito Orellak.

JOANITO ORELLA

Azken aldian buru-belarri lanean zabiltza. Zertara zoazte Atenasera?
Atenasen errefuxiatuei zuzendutako erietxe txiki bat irekitzera doa Donostiako mediku bat. Urtebeteko eszedentzia eskatu du horretarako, eta proiektu solidarioari laguntzeko materiala bildu dugu.  Dendariek, herriko elkarteek eta norbanakoek laguntza eman dute, eta janaria, osasun-materiala, haurtxoentzat janaria eta esne berezia edota gurpildun aulki bat eramango dugu Atenasera, besteak beste. Oso proiektu interesgarria da, Grezian dauden errefuxiatuek laguntza behar baitute.

Atenastik bueltan atsedenalditxo bat hartzeko asmorik ba al duzu?
Ezta pentsatu ere, Senegalen proiektu berri bat abiatu nahi dugu, eta Atenastik bueltan proiektu horretan murgilduko naiz. Kasu honetan eskolako mahaiak, eskola materiala, eta haurrentzako arropa eta oinetakoak eramatea da gure asmoa, eta urriaren 6an Orion egingo den Federarte Euskalsurf Kultura ekimenean parte hartuko dugu. Egun horretan haur arropa eta oinetakoak eta eskola materiala jaso nahi ditugu, eta txosna ere jarriko dugu txistorra pintxoak eta sagardoa eta txakolina eskainiz. Eskerrak eman nahi dizkiet Marisol eta Patxi harategiari eta Kutixi kafetegiari egun horretarako txistorra eta ogia emateagatik, baita Urdaira Sagardotegiari eta Arbela txakolinari ere.

Materialaz gain, dirua biltzeko ekimenik egingo al duzue?
Kalefit saio solidarioa egingo dugu, eta itsulapiko edo poto batzuk ere jarriko ditugu txosnan elkartearentzat dirua biltzeko. Horrez gain, zozketa bat martxan jarri dugu, eta sari ederrak izango dira. Txartelak salgai daude Orioko Herri Ikastolan eta Kalefiteko Jorge Pintok ere eskuragarri ditu; hala ere, aurrerago beste hainbat establezimendutan jarriko ditugu salgai. Eskerrak eman nahi dizkiet Arkupe elkarteari, Xixario Erretegiari eta Galernako Iñaki Makazagari zozketarako sariak emateagatik, eta aurreratu nahi dut primerako sariak izango direla. Beraz, txartelak erostera animatu nahi ditut herritarrak.

Aitortu behar dugu, urriaren 6ko ekimenak materiala eta dirua biltzeko asmoz antolatu ditugula. Izan ere, oriotarraren eskuzabaltasunari esker material mordoa biltzen dugu, baina dirurik gabe ezinezkoa zaigu material guzti hori laguntza behar dutenengana eramatea. Horregatik, herritarrak ekimenetan parte hartzera eta euren laguntzatxoa ematera animatu nahi ditut.

Atenasera nahiz Senegalera eramango duzuen materiala Orion bildu al duzu?
Bai, eta benetan eskertu nahi diet oriotarrei beren eskuzabaltasuna. Ni batetik bestera ibiltzen naiz, batekin eta bestearekin hitz egin, eta harremanak eginez. Nik badaezpada aldaba jota izaten dut beti; hau da, proiektuaren berri ematen diet herritarrei, dendari eta ostalariei eta herriko enpresei. Aitortu behar dut orain arte oso ondo portatu direla denak, eta horien denen laguntzari esker behar handia duen jendeari lagundu diogu. Mila mila esker denoi.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!