Arrate Illaro: "Hizkuntza ohiturak aldatzea dugu helburu"

Karkara 2018ko urr. 1a, 12:00

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo dute hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen Euskaraldia ekimena, eta herriz herri motorrak berotzen hasiak daude dagoeneko. Pasa den astean jarri zuten martxan ekimenean parte hartzeko izen-ematea, eta, Arrate Illaro koordinatzailearen esanetan, oraingoz, "erantzun ona" izaten ari da ekimena.

Pasa den astean ireki zenuten izen-ematea. Zer moduz doa kontua?

Harrera ona izan du ekimenak orain arte. Ez dugu datu errealik, izena emateko bide ezberdinak ditugulako, baina erantzuna ona izaten ari da.

Euskaraldia ariketa sozial bat izango dela diozue.

Bai. 11 egun hartuko ditugu gure hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko eta ahalik eta modu erosoenean urratsak egiteko.

Zein da Euskaraldiaren helburua?

Gure egunerokoan ditugun hizkuntza inertzia batzuk apurtu, eta euskara gehiago erabiltzea, ohiturak aldatzen hastea, batez ere, hamabigarren egunetik aurrera. Badakigu hamaika egunetan ez dela ohitura bat aldatzen, baina gura duguna da ahalik eta modu kolektiboenean eta kontzienteenean ariketa egitea, hamabigarren egunetik aurrera aldaketa errazagoa izan dadin.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko helburu horretan, nolabaiteko oinarri ere izango da Euskaraldia aurrera begira, ezta?

Bai. Askotan joera daukagu euskaraz egiteko soilik euskaraz egiten digutenekin. Euskaraz erantzuten badigute ondo, eta bestela erdarara pasatzeko joera daukagu. Euskaraldiarekin transmititu gura dugun mezua da nahikoa dela ondokoak euskara ulertzea, eta horrek aukera ematen digula askoz egoera gehiagotan euskaraz aritzeko. Ez da erraza izango txip aldaketa hori egitea, baina hori da helburua.

Zergatik hamaika egun?

Iruditzen zitzaigun garrantzitsua zela ekimenak batzea herritarron astean zeharreko eta asteburuko bizimoduak. Astean zehar lankideekin egoten gara gehiago, eta asteburuetan, berriz, familiarekin edota lagunekin. Beraz, hamaika egunetan bi asteburu eta zazpi lanegun hartuko ditugu.

Zeintzuk izango dira ahobizi-en eta belarriprest-en funtzioak?

Ahobizi denak euskaraz egingo du ulertzen duten guztiekin, ondokoak euskaraz zein erdaraz erantzun. Ezezagunei ere lehenengo hitza beti euskaraz egingo die. Belarriprest denak, berriz, gonbidapena egingo die inguruko guztiei berarekin euskaraz aritzeko, berak euskaraz zein erdaraz egin.

Biek ala biek txapa bat eramango dute, identifikatzeko.

Ohitura aldaketa hori ahalik eta modu erosoenean planteatu gura dugu. Txapak balio du gainontzekoei adierazteko ekimenean parte hartzen ari garela eta betetzen ari garen rola bata edo bestea den. Era berean, balioko du erakusteko ez gaudela bakarrik, eta kolektibotasun horrek eman dezakeen babesa eta indarra baliatuko dugu horretarako. Bestalde, ingurukoentzat ere baliagarria da jakiteko bat Euskaraldian parte hartzen ari dela, eta bere rola zein den.

Herrietako hamaikakoen funtzioa zein izango da?

Herrietan batzordeak sortu dira, euskalgintzan ari diren eragileek eta norbanako herritarrek osatutakoak. Batzorde horien funtzioa da herrian ekimenaren berri ematea, informazioa herrian zabaltzea, eta herritarrak aktibatzea. Baina oso zaila da batzorde batetik guzti hori egitea, eta hamaikakoen funtzioa izango da batzordearen aliatu izatea, herritarrei ekimenaren berri emanez, eta hauek aktibatuz.

Nola animatuko zenuke Euskaraldira batzeko oraindik zalantzan dagoen hori?

Gure eguneroko hizkuntza aldatzeko gogoa baldin badaukagu, Euskaraldia tresna bikaina izango dela iruditzen zaigu. Aitzakia on bat da, ez bakarrik norberaren hizkuntza ohiturak aldatzeko, ingurukoenak aldatzen laguntzeko ere bai. Bi rolak dira garrantzitsuak ariketa honetan, modu batera edo bestera parte hartu, ekarpena handia izango da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!