KARKARAK, 30 URTE

KARKARAk 30 urte

Karkara 2018ko urr. 2a, 19:00

KARKARA aldizkariak 30 urte beteko ditu 2019ko ekainean. Urteurrena ondo ospatzeko, 2018-2019 ikasturterako hainbat egitasmo ditugu buruan. Komunikazio zerbitzu integral moduan, aurrera begira ditugun proiektu eta erronkak gauzatzeko Karkararen oinarria sendotzea da helburua.

KARKARA 1989ko San Pedro jaietan sortu zen herritar talde baten iniziatibari esker. Aldizkaria euskararen normalizazioan laguntzeko helburu nagusiarekin jaio zen. Euskaldun asko eta asko ez zeuden ohituta euskaraz irakurtzera, eta langa hura haustea zen elkartearen epe motzeko xedea.
Aiara ere egin genuen salto, 1994ko maiatzean, eta bi herriek berez dituzten loturei zubi bat gehiago eskaintzea izan da gure ahalegina.

Informazio zerbitzu profesionala

Dena den, bistan da gaur egungo KARKARAk bestelako funtzio nagusi bat ere baduela: Bi herrietako informazioa ematea, kalitatezkoa, azkar eta txukun. Horretarako lan taldea handituz joan da urterik urtera, batez ere, webgunea zabaldu eta egunero elikatzen hasi ginenetik.

Beste herrietako elkarteekin batera azken urteetako kazetaritzak bizi izan dituen aldaketetara ahal den azkarren egokitzen saiatu gara, eta horretarako ezinbestekoa izan da talde profesionala osatzea.  Egun, hiru kazetarik eta diseinatzaile batek osatzen dute taldea, eurak dira egunero-egunero zerbitzu hori ematen digutenak. KARKARAko lan taldea borondatezko beste talde batek ere osatzen du, hauek erabakia nagusiak hartu eta erredakzioan laguntzeaz arduratzen dira.

Hala eta guztiz ere, garbi daukagu urte hauetan guztietan KARKARAk laguntzaile, iragarle eta erakunderik gabe ez lukeela biderik egingo. Zuei eskerrak, KARKARAk, ia 30 urteren ostean, inguruko erreferentziazko hedabidea izaten jarraitzen du. Hilean behin 40 orrialdeko aldizkaria banatzen da Aiako eta Orioko etxe guztietan,eta Karkara.eus webgunea urteko egun guztietan dago martxan irakurleen zerbitzura. Datuen arabera, 2018ko ekainean inoizko daturik onenak izan genituen gainera, 27.000 bisita.

31 eskutik

Ordea, aurrera begira proiektu eta erronka latzak ditugu mahai-gainean. Eskualdeko komunikazio proiektu berria, aldizkariaren diseinu berria, lokal handiagoa (txikia geratzen ari zaigu)…. apustu sendoa eskatzen duten erronkak dira, eta gu prest gaude horiei heltzeko.

Hala eta guztiz ere, horretarako ezinbestekoa ikusten dugu KARKARAren oinarri sozial eta ekonomikoa handitzea. Harpidetza kanpaina bat martxan jartzera goaz, lehendik ditugun laguntzaileei berriak gehitzeko. Seguru gaude gainera, aiar eta oriotar asko dagoela prest urtean 36€ ematera proiektu horiek gauzatzeko.

Baina eskatzeaz gain, ematera ere bagatoz. Ikasturte honetan, zenbait kultur ekimen antolatuko ditugu, urteurrena ondo ospatzeko. Lehendabizikoa, hil honetan bertan. Oteiza jaio zela 110 urte beteko direla aprobetxatuz, Oteiza astea antolatu dugu Orioko Udalarekin batera. Oskar Alegria eta Bernardo Atxaga etorriko dira Oteizaz hitz egitera, herriko haurrek omenaldi txiki bat egingo diote artistari, eta Altzuzako Oteiza museora joateko egun pasa eder bat antolatu dugu.

Eta, xehetasunetan sartu ezin dugun arren, eskuartean ere baditugu musikarekin eta kirolarekin zerikusia duten hainbat jarduera. Horien bidez, ikasturte honetan KARKARA eta irakurleen arteko harremana indartzea dugu helburu, 30 urte betetzeaz gain, 31.ena eskutik hasi dezagun.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!