Santi Zabaleta: “Bete dugu aurtengo helburua”

Karkara 2018ko urr. 3a, 18:00
Argazkia: EGIGUREN

Denboraldi erregularra egin du aurten Orioko emakumezkoen txalupak. Estropada gehienak bigarren postuan bukatu dituzte, eta garaipenen bat lortzeko zorian ere egon dira.

Santi Zabaletak telefonoz eman dizkigun erantzunetan poztasuna nabari da, beste ezeren gainetik. Entrenatzaile oriotarraren iritziz, aurtengo estropadetan nabarmen antzeman da taldeak izandako hobekuntza.

Denboraldi ona egin duzue.

Sentsazio gozoarekin bukatu dugu uda. Azaroan helburu argiarekin hasi ginen entrenatzen: aurreko postuetara gerturatzea, hori zen xede nagusia. Eta lortu dugu. Horretarako, estropalariek exijentzia handiarekin entrenatu dute denboraldi osoan zehar. Handia izan da taldekide guztien konpromisoa.

Aurreikusten al zenuten banderengandik hain gertu egotea?

Ez zen hori helburu zehatza, ez genuen hori buruan. Duela bi urte eta erdi estropalari talde bat osatu genuen, eta hori mantentzen saiatu gara, urtez urte urratsak ematen joateko. Talde bezala haztea izan da aurtengo helburu nagusia, emaitza konkretuetan sartu gabe. Erakutsi dugunez, aurrean ibiltzeko gaitasuna dugu.

Zehazki, zertan asmatu duzue? Eta zertan ez?

Urteko prestaketa osoaren planifikazioan asmatu dugu, eta entrenamendu saioak definitzerakoan ere bai. Oraindik ez dugu denboraldiaren balantze sakona egin, baina uste dut ez dugula huts nabarmenik egin, findu beharreko xehetasun teknikoak egon arren.

Arraunketa luzeagoa erakutsi duzue aurten.

Taldea progresioa egiten ari da teknikoki, ziklo baten barruan, eta bai, duela bi urte baino arraunketa estilo luzeagoa dugula esan daiteke.

Zein da taldearen indargune nagusia?

Taldea bera, estropalariek elkarrekiko duten jarrera: errespetua, batak besteari ematen dion babesa, hortik sortzen den konfiantza... Momentu txarretan arraunlariek erakutsi duten jarrera ere azpimarratu nahiko nuke.

Bigarren postu ugari lortu dituzue. Nola kudeatu duzue hori psikologikoki?

Ez da erraza izan. Esan bezala, aurtengo jomuga aurreko postuetara gerturatzea zen, eta denboraldi hasieratik, uste baino gehiago hurbildu gara. Horrek urrats bat beharrean bi emateko grina piztu digu, gure buruan banderaren bat irabazteko gai ginela sinesteraino. Aurtengoa ikasketa ikaragarria izan da taldearentzat.

Nolako itxura du datorren denboraldiak?

Aurten emandako maila eta taldearen potentziala ikusita, gora egin dezakegula sinistuta nago; horregatik hartu dut beste urtebeterako konpromisoa. Gustatuko litzaidake aurtengo taldea mantentzea, baina oraindik goizegi da hori jakiteko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!