'Haize berriak ekarrita joan da Galerna'

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Exposito 2018ko urr. 4a, 15:56

KARKARAko azken zenbakian, itxi berri duten Galerna jatetxeari buruzko iritzi artikulua idatzi du Iñigo Exposito oriotarrak.

Hilabete bereziak izaten dira uda denboraldikoak Antilla hondartza aldean. Lehen eguzki izpiek mugitu ohi dute jendea herri guneetatik hondartzara eta gauza bera gertatu ohi da eguzki izpiak hodeien atzean ezkutatzen diren egun horietan, gure hondartza desertu txiki bat bilakatzen denean, haize boladak, euriak eta lainoak nagusi direnean.

Aurten, ordea, iraileko azken izpiekin batera galerna berezia sartu da Orioko Antilla hondartza aldean eta haize berriak ekarrita betirako joan da Galerna.

Hamahiru urte. Milaka bezero. Dozenaka langile. Egun eta lan denboraldi gogorrak. Baina guztiaren gainetik familia bat. Arrakastaren giltza. Makazagatarrek eta euren ahaideek egindako lana goraipatzekoa da. Arriskatu eta berritzaile izan dira, baina batez ere nabarmentzekoa da ia hamarkada eta erdian erakutsitako konstantzia eta gogoa. Egunero hondartzara lehen
pertsonak iristerako Galerna jatetxeko kafe makina eta sukaldeak nahikoa berotu hartua izaten zuen dagoeneko. Hondartzatik azken bezeroak alde egiterako, gainera, hurrengo eguneko itsasaldirako prest zuten guztia. Olatu handienen artean nabigatzeko pronto.

Berezia. Aparta. Magikoa. Hitz gutxitan Galerna jatetxea. Oriotar asko bertan sentitu gara etxean; izan zerbitzari, sukaldari edo bezero. Gertutasuna eta goxotasuna. Asko dira lau horma horien artean betirako oroimenaren kutxan geldituko diren momentu eta egun ahaztezinak igaro ditugunak. Guztiok osatu dugu. Guztiok gara parte. Guztion bihotzean izango da. Igo haize berrietara eta gozatu; oriotarrok zuekin egin dugun moduan.

Mila esker hondartza koloreztatzeagatik, egindako lan guztiagatik. Gu guztiok konkistatzeagatik. Bejondeizuela!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!