Eñaut Marti: "Haurren garapen pertsonala lantzen dugu musikaren bidez"

Karkara 2018ko urr. 4a, 18:30
Eñaut Marti Txinako ikasle talde batekin musika lantzen.

Eñaut Martik ibilbide luzea egin du Euskal Herrian musikaren esparruan, eta pixkanaka zaletasuna zena ofizio bihurtu du munduaren beste aldean, Txinan hain zuzen ere. Oriotar gazteak hainbat proiektu ditu esku artean Asiako herrialdean, eta horretaz aritu da KARKARA-rekin.

Nola iritsi zinen Txinara?

Nik ekintzailetasun eta lidergo ikasketak egin nituen Mondragon Unibertsitatean, eta horren barruan etorri ginen Txinara hainbat proiektu garatzera, eta hasiera batean bi hilabeteko egonaldia zena luzatu egin da. Berez, gradua bukatzeko beste ikasturte bat geratzen bazitzaigun ere, unibertsitatean Txinan geratzeko baimena eskatu genuen eta baiezkoa eman ziguten.

Zein da zuen proiektua?
Musik Lab izena duen proiektua dugu Txinan, 200 ikasle inguru dituen musika eskola bat da. Guk gure metodo propioa diseinatu dugu haurrei musika sortzen irakasteko, eta azken hiru urtetan proiektua borobiltzen aritu gara. Egun, urtebetetik sei urtera bitarteko haurrengana bideratu ditugu gure metodoa eta programa. Izan ere, guk nahi dugu umeek ulertzea musika ez dela zaila eta musika sortzea denon eskura dagoela.

Zer moduzko harrera izan du proiektuak herritarren artean?
Orain arte bi musika eskola ireki ditugu, eta ikastetxeentzat musika curriculumak ere sortzen ditugu, Txinako ikastetxeetan ez baita musika ikasgai moduan eskaintzen. Hori dela-eta, ikastetxe desberdinak gurekin harremanetan jartzen dira, eta bakoitzaren ezaugarrien arabera urte guztirako musika ikasgaia sortzen diegu. Gaur egun, astean 1500 ikasle ingururi ematen dizkiogu musika eskolak ikastetxeetan.

Euskal Herriko haurrak eta txinatarrak desberdinak al dira musika ikasterako orduan?
Bai, baina haur txinatarrak ulertzeko kontutan hartu behar da herrialdearen testuingurua. Izan ere, Txinan hezkuntza oso lehiakorra da. Orain dela gutxi arte familia bakoitzak seme-alaba bakarra izan zezaken, eta haur horretan jartzen zuten itxaropen guztia, haren ardura baitzen etorkizunean familia osoari ekonomikoki eustea. Gaur egun, seme-alaba gehiago izan ditzakete, baina pentsamolde berarekin jarraitzen dute. Haurrak astelehenetik igandera joaten dira eskolara, eta horrez gain eskolaz kanpoko jarduera ugari izaten dituzte. Familiek diru asko gastatzen dute haurren hezkuntzan, etorkizunerako ahal den ondoen prestatzeko.

Zuen musika eskolak ordea beste filosofia bat jarraitzen du, ezta ?
Gu musika eskola bat gara, baina musika erabiltzen dugu haurren garapen pertsonala lantzeko. Umeen pentsamendu kritikoa eta sormen ahalmena jorratzea dugu helburu. Adibidez, ikasleek abestiak sortzen dituzte, eta abesti horren harira argazki albuma osatu behar dute. Horrelako beste hainbat ariketa eginez, haurren garapen pertsonala landu nahi dugu, etorkizunean ahal den askeenak izan daitezen.

Zein motatako jendeak eramaten ditu seme-alabak zuen eskolara?
Hasiera batean gure enpresa garatzeko hainbat oztopo izan genietuen. Alde batetik, ez genuen txinatarrez hitz egin, eta bestetik, ez genuen Txinako merkatua ezagutzen. Horregatik, hastapenetan gure ikasleen %60a atzerritarra zen, baina era berean horrek proiektua ekonomikoki sostengatzen lagundu zigun. Gaur egun, ikasleen %70a baino gehiago txinatarrak dira, baina nabarmendu behar da ikasle gehienak, atzerrian ikasi duten txinatarren seme-alabak direla. Guraso horiek beren seme-alabak mundura ireki nahi dituzte, eta musika horretarako aproposa dela uste dute.
Bestetik, esan behar da gu Shangain bizi garela, eta hau nazioarte mailan garrantzi handia duen hiria izateaz gain, oso kosmopolita da. Shangaitik kanpo bizi diren txinatarren pentsamoldea guztiz desberdina da, eta oraindik kostatu egiten zaie gure metodoa ulertzea eta onartzea. Horregatik, orain enpresa bezala hazteko, bezero txinatar tradizionalengana heltzeko hausnarketa prozesuan gaude.

Horrez gain, fundazio batekin ere bazabiltzate lanean, ezta?
Bai, guri iruditzen zaigu enpresa moduan gizarteak ematen diguna, era batera edo bestera itzuli beharko geniokela jendarteari. Ni neu ez nator familia dirudun batetik, eta benetan sinesten dut enpresek egin dezakegun lan sozialean. Horregatik pentsatu genuen fundazio bat sortzea, baina kanpotarrek Txinan fundaziorik ireki ezin dutenez, bertako erakunde batekin elkarlanean hasi gara. Enpresaren irabazien %5a bideratzen dugu Txinako hainbat proiektu sozialetara, eta dirua biltzeko jarduera desberdinak antolatzen ditugu, Txinan behar gehiena duten haurrek musika hezkuntza jaso dezaten.

Proiektu mordoa dituzu esku artean. Etorkizunean Txinan jarraitzeko asmoa al duzu?
Lehen aipatu dudan bezala, bi hilabetetarako etorri ginen eta ia hiru urte daramtzagu hemen. Denbora horretan enpresa asko hazi da, eta ez dago atzera pausorik. Ni etxean bezala sentitzen naiz hemen, eta etapa hau bukatuko balitz, ez dakit Euskal Herrira itzuliko naizen. Oraingoz luzerako izango naiz Txinan.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!