Talai Mendik autobus zerbitzua eskainiko du Villabonako Finalistaren Egunera joateko

Karkara 2018ko urr. 5a, 15:29

Urriaren 21ean, igandearekin, egingo da Villabonan XXXI.Finalistaren Eguna.

Martxoaren 11an Gipuzkoako Eskolarteko XXXI.Ibilaldi Neurtuak egin ziren Orio, Donostia, Oiartzun, Segura eta Aretxabaletan. Ibilaldi hauek, Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duten Eskola Mendizaletasunaren kanpainaren sustatzaile izanik, eskualdeko mendi taldeen lankidetzarekin antolatzen dira. Urola Kostako txoko ezberdinetatik etorritako 600 partaidetik gora izan ziren Orioko ibilaldi neurtuan, Itsaspe eta Kukuarri inguruko parajetan.

Urriaren 21ean, berriz, Eskola Mendiko XXXI. Finalistaren Eguna ospatuko da Villabonan eta Talai Mendi elkarteak autobusak jarriko ditu. Irteeraren berri emateko bilera bat egingo da Urriaren 10ean, asteazkenarekin, arratsaldeko seietan elkarteak Iturbide kalean duen lokalean.

Ondorengoak dira XXXI.Finalistaren Egunean parte hartzeko oinarriak:

Partaideak: Gipuzkoako ikastetxeetako neska-mutil guztiek har dezakete parte.

Izen-ematea: urriaren 18a (osteguna) baino lehen egin behar da, buletina bidaliz edo datuak jakinaraziz elkarte antolatzailera: Aizkardi Mendizale Elkartea – Larrea Auzoa, 18B – 20150 – Villabona – Tel.: 649 717 182 – e-posta: ibilaldia@aizkardi.com. Bulego ordutegia: Asteartea eta osteguna 19:00etatik 21:00etara. Elkarte antolatzaileak buletina jaso duela eta ikastetxe edo elkartea partaideen zerrendan sartua izan dela baieztatzea gomendagarria da.

Harrera lekua eta irteera: Errebote Plaza, Villabonan hasiko da, 9:00etatik aurrera. Ibiltariek, hasteko, bere parte hartzea baieztatu beharko dute harrera mahaietan.

Arduradunak, gurasoak:

• Gurasoek bere seme-alabekin batera egin ahal izango dute ibilbidea.

• Arduradunek edo gurasoek bere taldeko umeak elkartuta eraman beharko dituzte.

• Ez zaio irteten utziko ezta partaide bati ere bere kabuz joanda, baldin eta arduradunen baten zaintza pean ez badago.

Hamaiketakoa: Nork berea eraman beharko du (jana eta edana). Hori dela eta, ezinbestekoa da eskola-umeek motxila bana eramatea, nork berea. Ibilbidean zehar, ez da antolatuko hamaiketakoa egiteko gunerik.

Ibilaldiaren iraupena: umeen ibilaldia, gutxi gorabehera, bi ordukoa izango da, hamaiketakoa egiteko ordu erdi bat barne dela.

Sarien banaketa: finalisten diplomak eta etxe laguntzaileek emandako opariak parte hartu duten ikastetxeen artean banatu edo zozketatuko dira. Sarien banaketa bizkortzearren, ikastetxe bakoitzeko ume bat edo bi, bakarrik, hurbilduko dira antolatzaileek esandako tokira eta ikastetxeari egokitu zaizkion opari guztiak jasoko dituzte.

Lehen sorospenak: sorospen zerbitzua DYAren ardurapean izando da ibilaldian.

Joan-etorria: Berebil partikularrak erabiltzeak, arazo desberdinak sor ditzake: segurtasunezkoa, trafikozkoa, aparkalekukoa, CO2 igorpenak, etab. Garraio kolektiboa erabili. TALDEAN GOAZ!

Ohar orokorrak:

• Mendia denon gozamenerako inguru paregabea da. Mesedez, zain dezagun, paper, lata eta antzeko hondakinez zikindu gabe. Horrelakoak, nork bere motxilara bildu eta etxeratu behar ditu.

• Derrigorrezkoa da, ibilbidean zehar jarritako seinaleak errespetatzea. Errespetatzen ez dituen ibiltariaren ikastetxea oparien zozketatik kanpo geldituko da.

• Ezustekoren bat gertatuz gero, antolatzaileen esku egongo da zer egin erabakitzea.

• Jarduera publikoa izanik, bai prentsan eta bai Federazioaren edo elkarte antolatzailearen webguneetan argitaratu ahal izango diren bideoko eta argazkiko irudiak hartuko dira. Borondatezko izen-emateak gertaera hau baita oinarrietako gainontzeko atalak ere onartzea dakar.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!