Iazkoa baino "arrakastatsuagoa" izan da aurtengo arraun surf jaialdia

Karkara 2018ko urr. 8a, 18:00

Larunbatean kultura eta kirola uztartu zituzten Orion, Euskal Herriko Arraun Surf Txapelketako finalean.

Larunbatean Euskal Herriko Arraun Surf Txapelketako finala jokatu zen Orion, eta kirol hitzorduaren bueltan kultur ekimen ugari egin zituzten, herriko eragileekin elkarlanean. Goiz eguerdi partetik giro paregabea izan zen Arraunetxean eta plaza inguruan. Izan ere, Berdin Berdinak elkarteak eta Axi Muniainen surf eskolak elkarlanean arraun surf saio inklusibo "bikaina" egin zutela nabarmendu dute antolatzaileek. "45 lagunek parte hartu zuten ekimenean, inoiz baino lagun gehiago bildu ginen. Gainera, aipatu behar da bertan izan zirela surf egokituko txapeldun Aitor Francesena Gallo, eta Word Surf Leagueko esatari eta surflari Ben Wei kaliforniarra", azaldu du Maialen Saez Gipuzkoako Surf Federazioko presidenteak.

Horrez gain, herriko plazan Federarte azokak, Ez Itxi Begiak elkarteak eta Kalefiteko lagunek alaitu zuten goiz-eguerdi partea. Aipatutako azken bi eragileak gustura geratu ziren ekimen solidarioak izan zuen harrerarekin. "Mila eurotik gora jaso ditugu, eta eskerrak eman nahi dizkiogu ekimenarekin bat egin duten herritarrei", azaldu zuen Joanito Orella Ez Itxi Begiak elkarteko kideak.

Gainera, gaueko musika jaialdiak eguna borobildu zuela uste dute antolatzaileek. "Jendetza bildu zen Katapula Tourreko Madeleine eta Voltaia taldeen kontzertuetan, eta DJ El_Txef_A jaialdiko kartelburuaren saioan. Iaz baino bisitari gehiago hurbildu dira Oriora", nabarmendu dute.

Gipuzkoako Surf Federazioko kideek uste dute jaialdiaren arrakasta erakunde eta eragile desberdinen elkarlanaren emaitza dela, eta ildo horretan eskerrak eman dizkiete Orioko Udalari eta Udaltzaingoari, jaialdian zehar uneoro agertutako prestutasunagatik eta emandako laguntzagatik, baita Zaharren Babeslekuak musika taldeei eta antolatzaileei eskainitako otorduengatik ere. Horrez gain, Mola-Mola tabernak egindako lan bikaina azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek.

Txapelketa gogorra 
Bestalde, Kirol arloari dagokionean, eguraldi txarrak markatu zuen Euskal Herriko Arraun Surf Txapelketako finala. 50 arraunlari inguruk parte zuten proban. "Iazko parte-hartzaile kopurua bikoiztea lortu dugu, eta urtez urte Orioko arraun surf hitzordua garrantzia hartzen ari dinaren seinale da hori. Dena dela, eguraldiaren baldintzek txapelketa gogortu egin zutela aitortu behar dugu, eta ondorioz askok bertan behera utzi behar izan zuten lehiaketa".

Oro har, eguraldi txarra oztopo izan bazen ere, "jaialdia arrakastatsua" izan zela nabarmendu dute Gipuzkoako Surf Federaziotik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!