karkara.eus

Egoitz Makazaga: "Mota guztietako oztopoak gainditu behar ditugu lasterketan"

  kirola  Orio

Egoitz Makazagak sustatuta Mirotzak taldea sortu dute Orion, oztopo lasterketetan parte hartzeko. Euskal Herrian oraindik ezezaguna den kirolaz aritu da Makazaga.

Egoitz Makazaga: "Mota guztietako oztopoak gainditu behar ditugu lasterketan"
Mirotzak taldeko kideak. Egoitz Makazaga zutik daudenen artean ezkerretik hasita lehenengoa da. | Ikusi handiago | Argazki originala

EGOITZ MAKAZAGA - Prestatzaile fisikoa eta Mirotzak taldeko kidea

Nolatan sortu zenuten Mirotzak kirol taldea?
Duela hiru urte hasi nintzen oztopo lasterketetan parte hartzen. Hasieran bakarrik ibiltzen nintzen proba batetik bestera, eta aurtengo lasterketak egindakoan uzteko asmoa nuen. Izan ere, Euskal Herrian mota horretako lasterketa gutxi egiten direnez, kanpora atera behar izaten da, eta nahiko garestia izateaz gain, bakarrik batera eta bestera ibiltzeaz nekatuta nengoen. Dena dela, egun batean Orioko lagun batzuk aipatu zidaten, beraiek ere animatuko liratekeela oztopo lasterketetan parte hartzera, eta denon artean taldea sortu dugu. Erdi txantxetan hasi ginen, baina aurrera egin du proiektuak.

Zer dira oztopo lasterketak?
Mota guztietako oztopoak gainditu behar izaten ditugu lasterketan zehar: paretak, lurretik arrastaka igaro beharreko eremuak, edota zintzilika pasa beharreko oztopoak. Horrez gain, oztopo naturalak ere izaten dituzte zenbait lasterketek, errekak esaterako.

Zein motatako prestaketa behar da oztopo lasterketak egiteko?
Gure entrenamenduek indarra eta erresistentzia uztartzen dituzte. Izan ere, horrelako lasterketetan parte hartzeko garrantzitsua da norbere gorputza zintzilik mantentzeko gaitasuna izatea, oztopo asko zintzilik igaro behar baitira. Gaitasun hori lantzeko, pisua altxatzea oinarri duten entrenamenduak egiten ditugu.

Bestetik, hasi gara mendi lasterketen munduan ere muturra sartzen, oztopo lasterketa asko mendian barrena egiten baitira. Mendian gora korrika aritu ondoren, oztopoak gainditzeko prestatuta egon behar da, eta mendi lasterketetarako egiten diren entrenamendu saio espezifikoak ere oso baliagarriak zaizkigu.

Dedikazio handia eskatzen al du kirolak?
Guk bi motatako entrenamenduak egiten ditugu. Taldekide bakoitzak bere lana eta ordutegiak ditu, eta ez da erraza izaten elkarrekin entrenatzeko biltzea. Horregatik, astean zehar bakoitzak bere kasara entrenatzeko entrenamendu saioak prestatzen ditugu, eta asteburuetan elkartzen gara. Entrenamenduak ahal den heinean jarraitzea garrantzitsua da guretzat, bateren batek serio hartzen ez badu, oztopo lasterketan asko antzematen baita prestaketa falta.

Zer luzera izaten dute lasterketek?
Luzera desberdinetako lasterketak egon daitezke, gero eta distantzia luzeagoa, orduan eta oztopo gehiago izaten ditu probak.

Euskal Herrian ezagutzen al dira oztopo lasterketak?
Gutxi batzuk antolatzen dira, eta badaude pixkanaka indarra hartzen ari diren elkarte batzuk ere. Guk aurten esaterako, hemen inguruan Gernikako eta Hernaniko oztopo lasterketetan parte hartu dugu, baina normalean Andorrara, Espainiara edota Herrialde Katalanetara joan behar izaten da.

Gaur egun zenbat lagunek osatzen duzue taldea?
Bost-sei lagun aritzen gara oztopo lasterketetan, baina badira beste kiroletan aritu eta denboraldia bukatzen dutenean mota horretako probak egitera animatzen direnak ere.

Mirotzak talde handitzea gustatuko al litzaizueke?
Bai, kide gehiago biltzea gustatuko litzaiguke, baina guretzat garrantzitsua da taldekideek gutxieneko gaitasun fisikoa izatea. Izan ere, hutsetik hasten denak ezingo luke taldearen erritmoa jarraitu, eta taldekako entrenamenduetatik aparte tono fisikoa hartzeko ariketak egin beharko lituzke.

Bestetik, taldeko kideei konpromisoa eskatzen diegu. Oztopo lasterketak bakarka edo taldeka egin daitezke. Gu orain arte taldeka aritu gara, eta taldeek bost lagunekoak izan behar dute. Horregatik, taldeko kide direnei emandako hitza betetzeko eskatzen diegu. Izan ere, norbaitek hasiera batean proba batera joango dela esaten badu, eta azken momentuan atzera botatzen bada, gainontzeko kideak proban parte hartu ezinik geratzen dira, eta jarritako dirua galtzen dute gainera; eta nabarmendu behar da proba hauetan izena-ematea nahiko garestia dela.

Alderdi ekonomikoaz ari garela, eskerrak eman nahi dizkiogu Ander Expositori, Expo Elektrizititiaren izenean diru-laguntza eman digulako. Egindako ahalegina eskertu nahi diogu.

Oztopo lasterketaren bat probatu nahi duenak zuengana jo al dezake?
Noski, kirol ezezaguna da eta gustatzeko lehenik eta behin probatu egin behar da. Horretarako interesa duenak ateak irekita ditu. Gurekin harremanetan jarri nahi dutenek @mirotzakocr Facebook orrira idatzi dezakete.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa