Zourdine Thior: "Athleticen aurkako partidan gola sartzeak konfiantza eta lanean jarraitzeko bultzada eman dit"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2018ko urr. 16a, 16:00

Hamar urte zituela etorri zen Zourdine Thior (Dakar, 1997) Oriora bizitzera, eta egun Realeko harrobiko taldean jokatzen du, bigarren B mailan. Europan futbolean jokatuta, senegaldar askoren ametsa bete duela jakin badaki oriotar gazteak, eta zorteduna sentitzen da.

ZOURDINE THIOR - Realeko harrobiko futbol jokalaria

Asteburuan Bilbao Athleticen aurkako partidan gol erabakigarria sartu zenuen. Garrantzitsua izan al da zuretzat?
Athleticen aurkako partidak beti izaten dira bereziak, derbiak direlako, eta nire golari esker partida irabaztea oso ederra izan zen. Gainera, denboraldiko nire lehen gola izan da, eta Athleticen aurka sartu izanak konfiantza eta lanean jarraitzeko bultzada eman dit.

Gaur egun bigarren B mailan jokatzen duzu. Nola izan ziren zure lehen urratsak futbolean?
Txikitatik gustatu izan zait futbola; Senegalen bizi nintzenean ere beti baloiarekin jolasten ibiltzen nintzen. Aita Orion bizi zen, eta beti opari moduan baloi bat ekartzeko eskatzen nion, ez nuen beste ezer nahi. Oriora etorri nintzenean berriz, futbol zelaira joaten nintzen futbolean nola jokatzen zuten ikustera, eta infantil mailan hasi nintzen Orioko Futbol Taldean. Lagun giroan ederki pasatzen genuen, eta orduan ez nuen pentsatu ere egiten Realean jokatzerik. Dena dela, urteak pasa ahala ohartu nintzen agian maila altuagoan jokatu nezakeela, eta Orion hiru urte egin ostean, jubenil mailan, Zarautza joan nintzen futbolean jokatzera. Lehen urte horretan hots egin zidaten Realetik fitxatu nahi zidatela esanez.

Beste urrats bat eman eta mailaz igo nahi al zenuke?
Futbol jokalari guztien ametsa da lehenengo mailan jokatzea, baina jakin badakit oso zaila dela. Oso jokalari onak daude, eta ez da batere erraza gainontzekoengandik nabarmentzea. Hala ere, norbere buruan konfiantza izatea eta helburua betetzeko lanean jarraitzea da inportanteena, eta horretan ari naiz.

Gainontzeko gazteek egiten dituzten hainbat gauza alde batera utzi behar al dira kirol arloan gora egiteko?
Bai, bigarren B mailak kirol exijentzia handia eskatzen du, eta koadrilakoak parrandan dauden bitartean, askotan etxean egoten naiz hurrengo eguneko partidan pentsatzen eta atseden hartzen. Badakit futbolean jokatzeagatik hainbat gauza galduko ditudala, baina nire erabakia izan da, eta argi dut ametsa betetzeko sakrifizio txiki bat egin behar izaten dela. Ni neu oso gustura nago egin dudan aukerarekin.

10 urterekin utzi zenuen Senegal Oriora etortzeko. Nola gogoratzen duzu aldaketa?
Ni Dakarren jaio nintzen Pikine auzoan. Hasieran ez zen erraza izan sorterria atzean utzi eta Oriora etortzea. Izan ere, oraindik umea nintzen Euskal Herrira iritsi nintzenean, eta ez nituen ezagutzen hemengo hizkuntza eta bizimodua; horregatik oso une gogorrak pasa nituen. Dena dela, aitortu behar dut ibilbide horretan koadrilakoek eta lagunek asko lagundu didatela, eta esan dezaket beraiei esker iritsi naizela gaur egun nagoen tokira, integratzen lagundu baitidate. Ni orain oriotarra, euskalduna eta senegaldarra sentitzen naiz.

Senegalgo haur askoren ametsa betetzen ari zarela jakin badakizu, ezta?
Bai, haur senegaldar gehienen ametsa da Europan futbolean jokatzea. Senegalera bisitan joaten naizenean ohartzen naiz horretaz, eta zorteduna sentitzen naiz. Horregatik estimatzen dut horrenbeste bizitzak eman didan aukera, eta gogor lan egiten dut hobetu eta aurrera egiteko.  

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!