Oteizari buruzko solasaldi ederra eskaini zuten atzo Bernardo Atxagak eta Oskar Alegriak

Karkara 2018ko urr. 17a, 11:05

KARKARAk eta Orioko Udalak antolatuta, Oteizarekin batetik bestera solasaldia izan zen atzo iluntzean Bernardo Atxaga eta Oskar Alegria hizlariekin. Ekimenak laurogei lagunetik gora juntatu zituen Arraunetxeko areto nagusian; horietako asko, inguruetako herrietatik etorritakoak.

Ordu eta erdi pasatxo iraun zuen saioan, Bernardo Atxagak eta Oskar Alegriak hainbat kontu izan zituzten hizpide, baina batik bat, bi puntu izan zituzten ardatz: batetik, garai zailetan Jorge Oteitzak euskal kulturan eragin zuen iraultza esanguratsua, eta bestetik, artistak errealitatea begiratzeko zuen ikuspegi propio eta apurtzailea.

Bi hizlariek izandako solasaldiaren ostean, han ziren entzuleek tertulian parte hartzeko aukera izan zuten, eta beste ordu erdiz luzatu zen saioa. Bukatutakoan, hizlariek txalo zaparrada jaso zuten, eta publikoan bildutako iritzien arabera, saioa oso ederra izan zen; zehazki, herritar batek halaxe definitu zuen iluntzea: Luxua izan da. Horrelako gehiago behar ditugu herrian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!