Errege Magoen kabalgata antolatzeko bilera egingo da asteartean kultur etxean

Karkara 2018ko urr. 18a, 16:04

Orioko Udalak hartu du Errege Magoen kabalgata antolatzeko ardura, eta herritarrak parte-hartzera animatu dituzte. "Bilerara herritar asko gerturatzea espero dugu, beren laguntza eta parte hartzea ezinbestekoa izango baita kabalgataren ohiturari eusteko".

Orioko Udaleko Kultura eta Turismo zinegotzi Lourdes Salsamendik gutuna argitaratu du, oriotarrak Errege Magoen kabalgataren antolakuntzan parte hartzera animatzeko.

Ekialdeko Errege Magoen gutun bat jaso dugu udaletxean. Bertan esaten digutenez, nahiko kezkatuta daude aurten ez baitute guregana, Oriora, etortzeko ibilbidea topatzen. Ez dute GPSrik ez Google Maps-ik eta Oriora etortzeko jarraitu beharreko azalpenak ez zaizkie iritsi.

Normalean herritar talde batek bidaltzen dizkie ibilbidearen inguruko nondik norakoak, baina aurten Oriotik ez zaie ezer iritsi.

Harrituta daude, orain artekoak Talai Mendiko lagunekin oso ondo funtzionatu baitu eta esan digute harrera bikaina antolatu izan dietela beti. Esker onez azaldu dira hiru Errege Magoak, urte luze hauetan guztietan Talai Mendikoek egin duten lana estimatuz.

Ulertzen dute, urteak aurrera joan direla eta Talai Mendiko lagunek beste lan batzuei ere arreta jarri beharrean daudela. Horregatik guztiagatik, hiru Errege Magoek laguntza bila idatzi digute udaletxera, alegia, aurtengo errege kabalgata antolatzeko ea herritar talde bat osatzeko moduan izango garen galdetuz.

Honen inguruan hitz egiteko, urriaren 23an bilera bat antolatuko dugu Kultur Etxean, arratsaldeko 19:00etan. Bertan, Erregeen konfiantza osoa duen pajea egongo da, eta beren eskakizunaren nondik norakoa azalduko dizue. Bilerara herritar asko gerturatzea espero dute, beren laguntza eta parte hartzea ezinbestekoa izango baita kabalgataren ohiturari eusteko.

Bilera horretatik sortu daitekeen ekimenaren berri izateko gogotsu gelditzen direla jakinarazi digute hiru erregeek beren gutunean, Orioko bidea lehenbailehen bideratzeko.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!