Kepa Loidi: «Sariek poza eta lanean jarraitzeko gogoa ematen didate»

Karkara 2018ko urr. 23a, 18:00
Orioko Kepa Loidi harakina.

Orioko Kepa Loidi harakinak Meat Attraction azokan hirugarren saria eskuratu du, harakintza produktu berritzaileen lehiaketan. Haragiz eta barazkiz egindako ‘Trainera’ hanburgesa aurkeztu du zuen sariketara.

Odolki, txorizo egosi eta txistorra lehiaketa ugari irabazi izan dituzu. Dena dela, azken saria desberdina da, ezta?
Bai, irailean Meat Attraction harakintza azoka izan zen Madrilen (Espainia) eta horren barruan artisau eran egindako haragi produktu elaboratu berritzaileen lehiaketa egin zuten. Nik Trainera izeneko hanburgesarekin lortu dut hirugarren saria, haragiz eta barazkiz egindako anburgesarekin; tipula, porrua, azenarioa, txanpiñoiak, piperra, arroza eta haragia ditu. Epaimahaia kritiko gastronomikoek osatu zuten, eta kazetari batek esan zuen, gure hanburgesa jatea, txuleta bat barazkiekin dastatzea bezalakoa dela. Orain arte odolki, txistorra eta txorizo egosi lehiaketak irabazi ditut, baina oraingoa desberdina da, produktua bera elaboratuagoa delako.

Horrelako lehiaketa batera aurkezten zaren lehen aldia izan al da?
Bai, Gipuzkoako Harakinen Federaziotik deitu zidaten, Madrilgo lehiaketara inor ez zela animatuko esanez, eta aurkeztuko ote nintzen galdetuz. Baietz esan nien, eta lehiaketarako espresuki hanburgesa berezi bat sortu nuen. Guk harategian hanburgesa mordoa egiten ditugu, 12 hanburgesa mota baino gehiago ditugu, baina lehiaketara produktu berritzaileak eta errazak aurkeztu behar zirenez, buruari buelta pare bat eman eta haragiz eta barazkiz egindako hanburgesa sortu nuen.

Zuretzat garrantzitsua izan al da Espainia mailako lehiaketan hirugarren postua lortzea?
Niretzat beti da ohorea saritua izatea, lan bikaina egiten duen harakin asko dagoenez, zaila baita txapelketak irabaztea. Nire iritziz, harakintzako lehiaketak Kontxako Estropadak bezala dira, irabazteko lan txukuna egiteaz gain, zortea ere izan behar baita.
Oraingoan Madrila joan ginen Trainera aurkeztera. Hasieran pentsatu genuen hanburgesa lehiaketara bidalita nahikoa izango zela, baina esan ziguten aurrez aurrekoa saioa izango zela, eta bertan muntatu behar genuela. Ainhoa Loidi alabarekin joan nintzen, eta egun berean egin genuen joan-etorria. Ni ez nago horrelako bidaietara ohituta, normalean Euskal Herriko lehiaketetan parte hartzen baitut.

Harakinek ere garai berrietara egokitu behar al duzue?
Eguneratuta egotea oso garrantzitsua da harakinontzat, izan ere, bezeroek gauza desberdinak eskatzen dizkigute, eta ezinbestekoa da produktu berriak sortzea. Horretarako, zazpi lagunek lan egiten dugu gure harakintza lantegian.
Bestetik, aitortu behar dut sariek poza eta lanean jarraitzeko gogoa ematen didatela. Gainera, garrantzitsuak izaten dira gure lana arduraz eta ondo egiten dugula erakusteko. Izan ere, guretzat bezeroei kalitatea eskaintzea da inportanteena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!