“Etorkizun zaila dute Orioko ostalaritza sektoreko negozioek”

Iñigo Gaiton 2018ko urr. 29a, 12:45

Hamahiru urteren ostean, Iñaki Makazagak laga egin dio Galerna jatetxea gobernatzeari. Umetatik sukaldari izateko ametsa zuen herritarraren iritziz, egungo baldintzetan oso zaila da hondartzako txiringito bat negozio errentagarri egitea.

Hondartzako jatetxe bateko barra neurgailu ona izan daiteke, herriko turismoaren eta bisitarien joerei erreparatzeko. Horretarako denbora asko izan du Iñaki Makazagak azken urteetan, eta aho bizarrik gabe eman digu Orioko turismoaren eta ostalaritzaren egoeraz duen iritzia.

Gazterik zabaldu zenuen lehen negozioa.

Nire umetako ametsa sukaldaria izatea zen. Hamasei urterekin, sukaldaritza ikasketak egin nituen Aialan, eta hortik gutxira zabaldu nuen Aterpe.

Ordurako ostalaritzan nenbilen lanean, eta ordu asko eskatzen zituen sektorea zela ikusi nuen. Nahiago izan nuen ordu horiek nire negozio batean pasatzearen aldeko apustua egin, beste batzuentzat lanean jardun baino.

Martxa ona zuen Aterpek. Nolatan laga zenuen Galerna irekitzeko?

Jatetxe bat izateko ilusioa nuen, eta hasiera batean, Galernak horretarako aukera hobea zirudien. Guk hartu aurretik, hondartzako negozio horrek lau urte eman zituen itxita. Hori dela eta, Udalak alokairuaren prezioa jaitsiko zuela adierazi zuen, eta kopurua altua zen arren, aurrera egin genuen.

Orain ordaintzen dena baino altuagoa?

Bai, ia bikoitza. Gu bakarrik aurkeztu ginen lehiaketara. Hasierako bizpahiru urteak gogorrak izan ziren. Udalak alokairurako zifra ateratzerako kalkuluak edo errentagarritasun planen bat egina izango zuela pentsatu genuen, baina ez zen horrela izan. Gutxi-gorabehera ateratako zifra izan zen.

Hala ere, hamahiru urte egin dituzue han.

Bai, baina ia urtero izan ditugu ezustekoak eta korapiloak. Laugarren urtean, alokairuaren prezioari moldaketaren bat egiteko eskatu genion Udalari. Hura ez zen bideragarria.

Urte hartan udan eguraldi oso txarra egin zuen. Lanean ordu piloa pasa arren, diruak ez zuen alokairua ordaintzeko ere ematen. Udalari alokairuaren zati bat hurrengo urtean ordaintzeko aukera ematea eskatu genion, eta ezezkoa jaso genuen: zuek jakingo duzue zer egin duzuen tabernarekin, beste bi txiringitoetako jabeek ordaindu dute aurtengoa, izan zen erantzuna. Gezurra, alegia. Uda pasa zenean, beste bi negozioak itxi zituzten, urteko alokairuak ordaindu gabe.

Zein da urte hauez guztiez egiten duzun balantzea?

Lanean ezagutu dudan jendeagatik bakarrik, merezi izan dute han pasatako ordu guztiek. Arlo ekonomikoan, atera dugun etekina ez da esperotakoa izan. Udalak gurekin gehiago irabazi du, guk haiekin baino.

Udan eguraldi txarra eginez gero, zaila al da hondartzako negozioak errentagarri egitea?

Oso zaila. Orion, behintzat, ia ezinezkoa. Negozioa hiru hilabetez soilik zabalduz gero, hor nonbait. Baina gure kasuan, zortzi hilabetez nahi genuen lan egin, eta udaberri eta udazkenean aste defizitario gehiegi daude.

Aurten, behintzat, uda ederra izan da.

Bi hilabete oso onak izan dira, bai, baina gainontzekoak? Ez genuen udaberririk izan!

Zer da Galernak eman dizun onena?

Lankideak. Momentu oso onak bizi izan ditugu.

Eta txarrena?

Udaleko legealdi berri bakoitzaren aurretik izaten genuen ziurgabetasuna.

Zer esango zenioke zuek lagatako jatetxea hartzea pentsatzen ari den norbait?

Ez hartzeko aholkatuko nioke. Begira, hau esatera ausartuko naiz: urte batzuk barru, Orioko Udalak kobratu beharrean ordaindu egin beharko du, jendeak negozio horiek hartzeko interesa izan dezan.

Zer falta zaie hondartzako negozioei erakargarri izan daitezen?

Ez da hondartzako kontua bakarrik, Oriok du arazoa turismoarekin. Herriko tabernetan ez dago martxarik, bizigarri gutxi ikusten dut. Turismo teknikaria behar dugu, beste ezeren aurretik. Urteak daramatzagu hutsune horrekin.

Oriok bereizgarri bat behar du. Postal bat. Bisitarientzat erakargarri egingo duen irudi edo marka bat.

Hala ere, hotela zabaldu zenuten duela gutxi. Panorama ez da hain txarra izango.

Iaz okupazio oso altua izan genuen, %85etik gora urte osoan. Hotelen jasotzen dugun jende gehiena langilea da, batetik bestera bidaiatzen dabilena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!