Ikastolako fatxadak berritzeko lanen lehen bi faseak bukatu dituzte

Karkara 2018ko aza. 3a, 17:01

Berritze lanek 351.000 euroko kostua izan dute. Aurreikusitako EHAAn argitaratu ziren kooperatiba diren ikastetxeen diru laguntzak (Hezkoop 2018) lortuz gero, Orioko Udalak kostuaren %44a hartuko du bere gain, eta Orioko Herri Ikastolak %56a. 

Obra hauek egitea aurreikusi zenean, Ikastola Orioko Udalarekin bildu zen finantzaketa aukerak elkarlanean aztertzeko. Obra guztia batera egitea eta finantziatzea bideragarria ez zenez, fatxaden berritzea fase ezberdinetan egitea adostu zuten. 

Obra ordaintzeko Ikastolak kooperatibentzat diren diru-laguntzak lortzeko aukeraren berri eman zion Udalari (obra guztiaren %40a), eta falta zen %60a Udalari bere gain hartzeko eskatu zion. Udalak legealdi honen Alken bi urteetan fatxadaren finantzazioan laguntzea erabaki zuen, 2018ko aurrekontutik 107.100 euro eta 2019kotik 46.580 euro bideratuz; guztira, 153.680 euro.  

2018ko udan lehen bi faseak egin dira, eraikinen kanpoaldeko fatxaden berrikuntzei dagozkienak, hain zuzen ere. Bi fase hauen kostu orokorra 351.000 eurokoa izan da; egin zen 358.000 euroko aurrekontutik ez da ia desbideratzerik egon. 

Uztailaren 18an EHAAn kooperatiba diren ikastetxeen diru laguntzak argitaratu ziren (Hezkoop-2018), eta Ikastolak eskaera egin zuen, obren lehen bi fase hauen %40a lortzeko xedearekin. Diru laguntza hauetatik aurreikusitakoa lortzen bada, eta Orioko Udalak onartuta dituen partidak kontuan hartuta, Udalak berritze lanen %44a hartuko luke bere gain, eta Ikastolak %56-a (%40 Hezkoop diru-laguntzetatik eta %16 Ikastolako gurasoek).

Beste bi fase aurretik

Fatxada guztiz berritzen bukatzeko beste bi fase falta dira, eraikinen barrualdekoak. Egokiena obra hauek 2019ko udan egitea dela iritzi dio Ikastolak. Kasu honetan, finantzazioa Orioko Udalarekin lortu beharko da, 2022.urterarte Hezkoop diru-laguntzarik ez baita izango. Falta diren azken bi fase hauen aurrekontua 256.615 eurokoa da. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!