EUSKARALDIA prestatzeko entrenamendu saioa egingo gaur arratsaldean

Karkara 2018ko aza. 9a, 16:00

Gaur arratsaldean, Azaroak 9 ostirala, Euskaraldirako entrenamendua egingo da Orion pintxopote garaian, 19:00etatik 21:00etara. Orioko aspaldiko pintxopoterik euskaldunena egin nahi dugu guztion artean!, adierazi dute antolatzaileek. Ahobizi eta Belarriprest guztiei parte hartzeko gonbita luzatu diete.

Euskaraldiko lantaldeak antolatu du entrenamendua, ‘EUSKARADIA: 11 egun euskaraz’ ekimena zer izango den irudikatzeko helburuarekin: Ahobizi eta Belarripresten arteko elkarrizketak nola izango diren, zein zailtasun izan ditzaketen, horiei nola aurre egin… Hau da: azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den benetako ariketaren simulakro bat egingo da, Ahobizien eta Belarripresten rolak probatzeko eta gero ondo atera dadin prestatzeko.

Ahobizi eta Belarriprest txapen banaketa

Euskaraldian parte hartzeko orain arte izena eman duten guztiak daude gonbidatuta entrenamendura azaltzera. Saioan parte hartzen dutenek aukera izango dute gero Euskaraldian erabiliko dituzten txapak jasotzeko.

Orain arte izena eman ez dutenek bertan egin ahal izango dute horretarako jarriko den mahaian.

Ekitaldi laburra

Ateri bada, oholtza txiki bat jarriko da Antilla tabernaren aurrean, eta ekitaldi labur bat egingo da han. Euria ari badu, berriz, oholtza Herriko Plazan jarriko dute.

Ekitaldian Intza Unanue kantari gazteak eta bere lagunek jarriko dute musika, eta Euskaraldian parte hartuko duten oriotar batzuen iritzi eta testigantzak entzungo dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!