Azaroaren 19tik aurrera ordaindu egin beharko da Orioko erdigunean aparkatzeko erlojua

Karkara 2018ko aza. 8a, 09:00
Orioko erdigunean aparkatzeko kartoizko erlojua jarri behar da ibilgailuan.

Denera sei mila erloju inguru banatu ditu Arkupek herritarren eta bisitarien artean. Sistema berriak emaitza onak eman dituela azaldu dute arduradunek.

Uztailean Orioko erdiguneko aparkamendu sistema aldatu zen, Orioko Udalak eta Arkupe merkatarien elkarteak adostuta. Sistema berriaren arabera, erdigunean aparkatu nahi dutenek kartoizko erloju bat jarri behar dute beren autoan, eta horrekin noiz aparkatu duten eta noiz arte egongo diren markatu, gehienezko tartea ordubetekoa dela . "Aitortu behar dugu, hasieran nahasmen pixka bat sortu zela aparkamendu sistema aldatu zenean. Dena dela, Arkupeko kideak Udal Gobernuko ordezkariekin eta Udaltzaingoaren buruarekin bildu ginen balorazioa egiteko, eta aldaketak emaitza onak eman dituela bat etorri gara", azaldu du Karmele Garmendia Arkupe elkarteko ordezkariak.

Sistema berria martxan jarri zenetik 5.000 erloju banatu dituzte Arkupe merkatari elkarteko establezimenduek herritarren eta bisitarien artean, eta elkartetik jakinarazi dute orain beste mila egin dituztela Udalarekin elkarlanean. "Bisitan datozenen artean ere banatu ditugu. Atzerritar bat baino gehiago ikusi dute autoan erlojua jartzen".

Erlojua ordainduta
Erlojuen kostua erdibana ordaindu dute Orioko Udalak eta Arkupe elkarteak, eta jakinarazi duten banatzeko geratzen diren mila erloju horiek izango direla doan banatuko dituzten azkenak. Izan ere, azaroaren 19tik aurrera banatzen diren erlojuak ordaindu egin beharko dituzte herritarrek. "Udaltzaingotik aurkeztu zuten txostenaren arabera, 3.000 ibilgailu inguru daude Orion, eta sei mila erloju banatu ditugu. Arkupe elkartearentzat kostu ekonomiko handia izan da erloju bidezko sistema berria martxan jartzea, eta diru laguntza baten bidez ordaindu dugu erlojuen kostua, Orioko Udalaren laguntzarekin", adierazi du Garmendiak.

Dena dela, elkartetik uste dute zenbaitetan doan ematen diren zerbitzuei ez zaiela merezi duten balio ematen, eta aurrerantzean erlojua eskuratu nahi dutenek ordaindu egin beharko dutela jakinaren gainean jarri nahi dituzte herritarrak; erlojuaren prezioa sinbolikoa izango da.

Bestetik, gogoratu dute, Arkupeko establezimenduek badituztela une jakin baterako utzi ditzateken erlojuak, bezeroentzat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!