Asteburuan Dispertsioff herri ekimena egingo dute Orion

Karkara 2018ko aza. 22a, 15:00

Aurten presoen seme-alaben egoera salatzea izango da Dispertsioff ekimenaren helburu nagusia.

Dispertsioff ekimena antolatu dute laugarren urtez Orion, eta ostiralean eta larunbatean egingo dute presoen eta horien senideen aldeko herri ekimena. Aurten presoen seme-alaben egoera salatzea izango da helburu nagusia; kartzelan bizi diren edo gurasoak ikusteko ehundaka kilometro egin behar dituzten umeen eta gazteen egoera. Orioko presoen aldeko mugimendutik azaldu dute, "salbuespenezko espetxe politika motxila" dela haur eta gazte horientzat. "Orion ere baditugu egoera horretan bizi diren haurrak, Patxi Urangaren alaba Xua esaterako, Picassenteko espetxean bizi da Olatz Lasagabaster amarekin, eta astean bitan egoten da aitarekin, espetxe berean egon arren".

Sarrerak salgai
Dispertsioff ekimenaren barruan bertso bazkaria egingo dute Etxeluze Gaztetxean. Bertan parte hartu nahi dutene, txartelak salgai dituzte Hatoz eta Gabon tabernetan, 20 euroren truke. Bertso bazkarirako eta gaueko kontzertuetarako txartela berriz 25 euro kostako da.

EGITARAUA
Azaroaren 19tik 25era
Motxila etorkizunez bete erakusketa, Orioko Kultur Etxean. Azaroaren 20an izango da irekiera ofiziala, mokadutxoarekin.

Azaroak 23, ostirala
- 19:00. Mahai ingurua Orioko Kultur Etxean. Espetxean ama izandako preso ohi batek, abokatu batek eta motxiladun gazte batek parte hartuko dute.

Azaroak 24, larunbata
- 11:30. Txan Magoaren ikuskizuna plazan. Eguraldi txarra egiten badu gaztetxean izango da saioa.
- 14:00. Bertso Bazkaria egingo dute Etxeluze Gaztetxean. Julio Sotok eta Beñat Gaztelumendik parte hartuko dute.
- 22:30. Musika jaialdia izango da Etxeluze Gaztetxean. Sara Zozaya, Giranice, Mice era Rukula musika taldeak igoko dira oholtza gainera.
- Ondoren. DJak arituko dira goizaldera musika jartzen. Hurrengo DJek parte hartuko dute: Goiko, Elektropeña, Aratz, Illarras eta Arizonako Billy. Sarrera 8 euro.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!