Ibai Marin: "Publikoarengan emozioak sortzea da musikarion helburua"

Karkara 2018ko aza. 20a, 17:00

Azaroan aurkeztu du Ibai Marinek ‘Bidean naiz’ bakarkako lehen diskoa, eta horren harira, Hira taldeko buru izan zenak bere musikak izan duen bilakaera izan du hizpide.

IBAI MARIN- Musikaria

Askok nabarmentzen dute zure ahotsa. Zure ahotsak beste musikariengandik bereizten al zaitu?
Gitarra lagun badut ere, nire musika-tresna nagusia ahotsa da. Hori da nire musikari ibilbidean zehar gehien landu dudana, eta gehien gustatzen zaidana. Klaseak jaso izan ditut, eta irakasleak nabarmentzen zidan tesitura altu samarra dudala, eta tenore liriko baten erregistroan sailkatzen zidan.

Bakarkako lehen lana da Bidean naiz. Zein berezitasun ditu?
Hira taldearekin bost disko argitaratu genituen, baina bakarkako lana estilo aldetik oso desberdina da, ez du zerikusirik. Hiran hard-rock amerikarra lantzen genuen, gogorragoa zen. Bidean naiz lana, produkzioa oso landuta badago ere, doinu aldetik xumeagoa da, eta ukitu organikoagoa du. Dena dela, uste dut aurreko esperientzia nabarmentzen dela diskoan, hard-rockaren kutsua ahotsean antzematen zaidala iruditzen baizait, baina estilo aldetik ez du zerikusirik.

Hirarekin ere estiloa aldatuz joan zineten. Zu aldatzen joan zaren heinean, musika ere aldatuz joan al da?
Bizitzan zehar pertsonak aldatuz goaz, eta eraldaketa hori musikan ere nabarmentzen da. Nik uste dut prozesu naturala dela, eta oso aberasgarria gainera, beste estilo batzuk aztertu baititzazkezu eta horretaz gozatu.

Lehen diskoa bada ere, urte dezente daramatzazu bakarlari moduan kontzertuak ematen. Estudioko lana oso desberdina izan al da?
Nire kantuak egin nahi nituen gitarrarekin eta horiek tabernetan eta areto txikietan jotzeko aukera suertatu zitzaidan. Oso modu naturalean abiatu zen proiektua. Hirarekin askoz proiektu handiagoa genuen esku artean, baina tren horretatatik jaitsi nahi izan nuen, eta proiektu txikiagoa abiatu.

Dena dela, azkenean proiektuak konbentzitu egin nau; errespetu handia hartu diot, eta txikia zen proiektua hazten joan da. Bidean musikari bikainak aurkitu ditut, tartean Aritz Pardina oriotar gaztea. Harekin hasi nintzen proiektua garatzen, eta zortzi kantutako diskoa izan da emaitza.

Diskoa zuk sinatuta dago, baina beste musikarien lana aitortu duzu. Azken horien lana garrantzitsua izan al da?
Aritz Pardina, Alex Lobato, Haritz Bastarrikak eta Libana Taboadak parte hartu dute diskoan. Kantuak eta hitzak nik sortu baditut ere, uste dut beste musikarien lanak aberastu egiten dituztela abestiak, musikari bakoitzak bere nortasuna islatzen baitu. Grabatzerakoan bandak diskoari handitasuna ematen diola argi dut. Asko gustatzen zait Libana Taboadarekin formatu txikiko kontzertuak ematea, giro berezia sortzen baita oholtza gainean, baina aitortu behar dut benetan gustatzen zaidana nire musikariekin eszenatokira igo eta diskoko abestiak eskaintzea dela.

Antzematen zaizu oso gustura zaudela emaitzarekin. Zer harrera izan du disko berriak zure jarraitzaileen artean?
Denetarik egongo da. Musikari dagokionean egin dudan aldaketarekin harritu egingo ziren asko, baina badira diskoa entzuteko irrikaz daudela adierazi didatenak ere. Jarraitzaileen iritzia haintzat hartzen dut, baina garrantzi gehiago ematen diot nire nahiari, artistontzat oso ezinbestekoa baita egiten dugun horretan sinestea, eta horretan saiatu naiz disko honetan.

Diskoa osatzen duten abestiak nireak dira, eta uste dut zortea dudala, une honetan ez baitit ezerk lotsatzen edo beldurtzen. Gainera, musikarion helburua publikoarengan emozioak sorraraztea eta sentimenduak mugiaraztea da, eta dagoeneko zenbaitek esan didate nire kantuek eragin hori izan dutela entzuleengan. Nire iritziz, ondo egindako lanaren emaitza da hori.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!