Jostailu Truke Azokarako jostailuak bilduko dituzte azaroaren 30ean, herriko bi ikastetxeetan

Karkara 2018ko aza. 21a, 10:06

Herrio Natur Taldeak abenduaren 15erako antolatuko du 9. Jostailu Erabilen Azoka, eta hori osatzeko etxeetan erabiltzen ez dituzten jostailuak bilduko dituzte, jostailu truke-azoka egin eta jostailuei erabilpen berri bat emateko.

Bi jostailu bilketa egingo ditu Herrio Natur Taldeak. Alde batetik, azaroaren 30ean, ostiralarekin, 16:00etatik  17:00etara Zaragueta Herri Eskolan izango dira, eta 16:30etik 17:30era Ikastolan. Horrez gain, abenduaren 14ean plazan postua jarriko dute jostailuak biltzeko, 17:00etatik 19:00etara.

Biltzen duten guztiak abenduaren 15eko azokan ikusgai jarriko dute 10:30etik 14:00etara Herriko Plazan. Eguraldi txarra egingo balu, frontoian jarriko da azoka.

Truke sistema
Bilketa egunetan familiek etxetik eramaten dituzten jostailuak sailkatu egingo dituzte Herrio Natur Taldeko kideek, hiru koloretan banatuta: horia, urdina edo gorria.

Nahi izanez gero, haurrek koloretako txartel bat jasoko dute azoka egunean kolore berdineko txartela duen beste jostailuren batengatik trukatzeko. Jostailu truke azokan parte hartzen duten haurrek mahaietan izango diren jostailu desberdin guztiak ondo ondo begiratu eta gustukoena aukeratzeko aukera izango dute.

Bestalde, egunean bertan azokara hurbiltzen direnek, egun horretan etxetik ekartzen dituzuen jostailuak azokan jarritakoekin trukatu ahal izango dituzte.

Kontutan izan beharrekoak
Ekimenean parte hartu ahal izateko hainbat baldintza bete beharko dira

Alde batetik, jostailuek osorik egon behar dute, egoera onean. Norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan. Egoera txarrean dagoen jostailurik ez dute jasoko antolatzaileek.

Bestetik, azoka egunean jostailuak trukatzeko 8 urtetik beherakoek arduradun batekin parte hartu beharko dute ekimenean.

Behin azoka amaitutakoan inork eraman ez dituen jostailuak irabazi asmorik gabeko erakunde batetara bideratuko ditu Herrio Natur Taldeak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!