Edertasun ereduaz hausnartuko dute igandeko ipuin-kontaketan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2018ko aza. 21a, 19:00
Xaltxerak taldeko kide Leire Zinkunegi eta Eider Goiburu

Xaltxerak Orioko talde feministak Indarkeria Matxistaren Aurkako egunaren harira, elkarretaratzea egingo du ostiralean 18:30ean plazan, eta ipuin-kontaketa eta gosari tertulia antolatu dituzte iganderako. Taldeko kide Leire Zinkunegi oriotarrak eskainiko du saioa adin guztietako publikoari zuzendua, "ikuspegi kritikoa landuz, emakumeon autonomia indartzeko ekintza aberasgarria izatea espero dugu", azaldu dute taldetik.

 

Zinkunegik Josu Galdos idazleak moldatutako Edurne Zuriren ipuina kontatuko du. "Galdosen ipuinak asko gustatzen zaizkit, natura, harremanak, bizitzako gorabeherak edota heriotza dituztelako hizpide. Oso interesgarriak dira, laburrak izan arren, hainbat gairen inguruan hausnartzeko bidea irekitzen dutelako", aipatu du ipuin kontalari oriotarrak.

Xaltxerak taldeko kideak azaroaren 25eko egitaraua antolatzen ari zirenean, ohartu ziren Galdosek moldatutako Edurne Zuriren ipuina aproposa izan zitekeela edertasun eta harreman eredu anitzak, autonomia edota emakumeek naturarekin duten erlazioa lantzeko.

Askotan ipuin-kontaketak haurrei zuzenduta egon ohi direla pentsatzen bada ere, Zinkunegik argi utzi du adin guztietako herritarrei zuzendutako ekimena izango dela igandekoa. "Ipuinak ahozko transmisioan jakinduria partekatzeko baliabide garrantzitsua izan dira. Nik neuk sei urte egin ditut Zingira Eskolan, eta bertan ipuin-kontaketak eguneroko jarduera izan ohi ziren, eta asko gozatu izan dut haurrei eta helduei ipuinak kontatzen".

Ipuin-kontaketaz gain, tertulia ere egingo dute, belaunaldi desberdinetako herritarrak elkarren artean harremantzeko helburuarekin. "Gaur egungo gizartean adin talde bakoitzak bere lekua du. Haurrak eskolara joaten dira, helduak lanera eta adinekoak beren artean erlazionatzen dira, baina tertuliaren bidez erakutsi nahi dugu haurrek eta helduok gure artean hitz egin eta elkarrengandik asko ikasi dezakegula", nabarmendu du Leire Zinkunegik.

Inposatutako edertasun eredua
Galdosek moldatutako Edurne Zuriren ipuinarekin edertasun ereduen inguruko hausnarketa egin nahi du Xaltxerak taldeak. "Emakumeen kontrako diskriminazio eta indarkeria mota asko daude, eta horietako bat da gorputz perfektuaren mezua. Izan ere, edertasun ereduek asko baldintzatzen dute emakumeok gure gorputzarekiko dugun jarrera. Era berean, gure gorputzarekiko dugun jarrerak baldintzatzen du gainontzekoekin harremantzeko modua. Ni ez banaiz nire gorputzean ondo sentitzen, iruditzen zaidalako nire gurputza gaizki egina dagoela, gainontzekoekin harremantzeko ez dut segurtasunik izango, eta ez naiz azalduko naizen bezala. Nire gorputz hizkera ez da lasaia izango, uneoro zerbait ezkutatu behar dudala sentituko dudalako", azaldu du gizarte psikologo, sexu hezitzaile eta Xaltxerak taldeko kide Eider Goiburuk. Hori dela eta, Orioko talde feministaren iritziz edertasun ereduen gaia lantzea oso garrantzitsua da, zuzenean edo zeharka emakume guztiei eragiten dielako. "Patriarkatuak inposatutako edertasun ereduak lehiakortasun handia sortzen du emakumeon artean. Ondorioz emakumeok ez gara batzen eta areagotu egiten da gizonekiko dugun dependentzia, emakumea gizona baino gutxiago sentitzeko arriskua handituz", uste du Goiburuk.

Bestalde, Xaltxerak taldeko kideek adierazi dute, edertasun ereduaren bidez patriarkatuak lortu duela "emakumeok sinestea gure gorputzaren gainean erabakitzen dugula, baina era batera edo bestera janztea, makilatzea edo dieta egitea ez dugu guk libreki aukeratzen. Umetatik edertasun eredu batzuen inguruko mezu jakin batzuk jasotzen baditugu, eta gure balioa horren arabera neurtzen badugu, ez dira erabaki libreak".

Askatasunaren diskurtsoa oso arriskutsua dela ere nabarmendu Goiburu. "Uste badugu gure gorputzaren gaineko erabakiak modu librean hartu ditugula, ez gara sekula bilduko eredu horien aurka borroka egiteko, bakoitzak ahal duena egingo baitu eredu horretatik ahal den gertuen egoteko". Horregatik, Xaltxerak taldearen iritziz oso garrantzitsua da "emakumeok gaiaz hausnartzea eta geure burua den bezala onartzen ikastea, eredu osasuntsu bat aldarrikatzeko".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!