Aldaketa garrantzitsuekin abiatu dute denboraldia gizonezkoen traineruek

Karkara 2018ko aza. 26a, 19:00
Pasa den larunbatean lehen aldiz uretara atera zen Orioko senior mutilen trainerua

Zortzi arraunlarik taldea utzi dute, eta zazpi arraunlari berrik bat egin dute Salsamendiren proiektuarekin.

Pasa den larunbatean, lehen aldiz uretara atera zen Orio Arraunketa Elkarteko senior mailako gizonezkoen taldea. Bi  traineru atera zituzten uretara denboraldiko lehen saioan, eta aurreko taldearekin alderatuta hainbat aldaketa izan direla jakinarazi dute arraun elkartetik.

Alde batetik, zortzi arraunlarik taldea utzi dute: Jon Agirrezabala, Jon Albizu, Mikel Azkarate, Iñaki Elorza, Unai Etxeberria, Josu Indo, Iban Martinezek eta Iñigo Mujikak. Orio Arraunketa Elkartetik adierazi dute, zorterik onena opa dietela guztiei, beraien bizitzako etapa berrietan.

Dena dela, arraunlari berriak ere gehitu dira Salsamendiren proiektura, zazpi arraunlari hain zuzen ere: Kepa Arrizabalaga, Andoni Campos, Jon Etxaniz, Ibai Gonzalez, Asier Guillen, Leandro Salvagno eta Fernando Valenciaga.

Bestalde, talde teknikoak ere izango du berrikuntza garrantzitsu bat. Izan ere, Jon Salsamendirekin eta Anjel Larrañagarekin batera, entrenatzaile lanetan jardungo da Alex Esteban. Elkartetik azaldu dutenez, "hiruren artean gidatuko dute gizonezko arraunlari seniorren taldea".

Ilusioz beteta
Taldean aldaketa garrantzitsuak egon badira ere, ilusioz beteta abiatu du denboraldia arraunlariek. "Arraunlari, entrenatzaile, zuzendaritza taldeko kide eta laguntzaile guztien lanarekin batera, beharrezkoa izango da inguruko guztien elkarlana. Hasieratik, herriaren eta afizioaren bultzada eskatu eta eskertu nahi dugu".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!